Herrian jasangarritasuna hobetzeko neurriak hartu ditu Eibarko Udalak
Herri jasangarriago bat eraikitzeko erronkan aurrera darrai Eibarko Udalak. Oraingo honetan, 52.551 euroko aurrekontua bideratu egin du 50 kilowatteko potentzia sortuko duten 120 plaka fotovoltaiko instalatzeko Coliseo antzokian.
Ekimen honek udal-instalazio eta -eraikin berrietan horrelako plakak edota eraginkortasun energetikoko beste sistema batzuk jartzeko Udalak hartutako konpromisoei erantzuten die.
Horren harira, adierazi behar da plakak Coliseoan jarri direla, Errebal Plazatik hurbilen dagoen udal-eraikina delako. Errebaleko eraikinean jarriko ziren, baldin eta estalkia egokia izan balitz horrelako sistemak instalatzeko.
Era berean, Coliseoan instalatutako plaka berriek eraikinaren energia-kontsumo osoa hornitzea ahalbidetuko badute ere, Eibarko Udala lanean ari da sisteman zenbait aldaketa eta hobekuntza egiteko, plaka horien potentzia 75 kilowatteraino handitu ahal izateko, inguruko beste eraikin eta instalazio batzuk hornitzeko energia gehiago lortze aldera.
Jarduera honen bidez, Udalak urrats berri bat eman du Eibarko 2022-2030 aldirako Klimarako eta Energia Jasangarrirako Ekintza Planean (KEJEP) jasotako konpromisoetan. Plan hori aurten onartu da, eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko eta klima-aldaketaren ondorioak arintzeko aukera emango duten hainbat neurri eta jarduera-ildo ezartzen ditu.
Ildo horretan, Jon Iraola Eibarko alkateak zera adierazi du: “Toki-administrazioek aldian-aldiko inguruabarrek eskatzen digutenaren ildotik doazen jarduerak eta politikak bultzatu eta garatu behar ditugu, eta, zentzu horretan, Udalarentzat ingurumena gero eta modu irmoagoan eta konbentzimendu handiagoz lantzen ari garen gaia da, ingurumenaren ikuspegia gure ekimen gehienetan txertatuz”.
Hala, bada, KEJEPen bildutako ildoek energia aurreztea eta efizientzia energetikoa bultzatzea eta tokiko energia berriztagarria sortzea sustatzea jasotzen dute, hala nola, udal-eraikinetan plaka fotovoltaikoak jartzea, mugikortasun iraunkorra sustatzeko beste neurri batzuk hartzea, hondakinak sortzea minimizatzea eta hondakinen berrerabilpena eta birziklapena areagotzea, edo ingurune naturala babestea eta ekosistemen zerbitzuak indartzea.
Komunitate energetikoa
Udal-egitasmo horiei dagokienez, Eibarko Udalbatzak duela gutxi onartu zuen Udala bazkide sustatzaile gisa integratzea Eibarko Tokiko Energia Komunitatea (TEK Eibar) elkartean. Erabakiaren arabera, udal-titulartasuneko hiru eraikinetako estalkiak erabiltzea lagako zaio elkarteari, estalki horietan energia sortzeko plaka fotovoltaikoak jartzeko.
Zehazki, Portaleko Kultur Etxeko, Arrateko Andra Mari ikastetxeko (Urki) eta Amañako eskoletako eraikinen estalkiak lagatzea aurreikusten da. Hau izan da komunitate energetikoak sortzeko proiektuan aurrera egiteko lehen urratsa. TEK Eibarren komunitatearen helburua da pertsonek, saltoki txikiek eta ETEek sektore energetikoan parte hartzea sustatzea, energia berriztagarria sortzeko eta kudeatzeko proiektuen garapenaren inguruan bilduz.
Horrela, Energia Komunitate berri horretan 205 etxek eta ETEk parte hartzea aurreikusten da; parte-hartzaile horiek Udalak TEK Eibarri laga dizkion hiru eraikinen estalkietako eguzki-plaken energiaz baliatu ahal izango dira , bai eta, ondorioz, argiaren fakturaren murrizketaz ere.
Temas
Más en Sociedad
-
Ordenan el cierre de un centro de menores de Gran Canaria ante evidencias de presuntos delitos de lesiones y odio
-
La becaria que denunció a Nacho Cano pide que se reabra la causa aportando nuevos vídeos
-
La basura electrónica se está multiplicando por culpa de la inteligencia artificial
-
Euskadi activa el aviso amarillo por fuertes precipitaciones