Andre Maria Zuriaren jaien egunaren testuinguruan, Gasteizko Udaleko harrera-aretoak Arabako Gurutze Gorria jaso du eta hiriaren Urrezko Domina eman dio. Sari hau erakundeak hamarkada honetan egindako lan eskuzabalarengatik eskaini da.

Gurutze Gorria Araban finkatu zeneko 150. urteurrena aukeratu du hiriak haren lana aitortzeko, erakunde humanitario gisa egiten duen lanagatik eta gehien behar duten kolektiboekin duen dedikazioagatik. Horren adibideak dira koronabirusaren pandemiaren harira egindako lana edota Ukrainatik etorritako errefuxiatuei eskainitako arreta.

Sari hau, azken aldiz, José María Sedanori eman zioten, hil ondoren, 2015eko maiatzaren 8an. Udalaren Ohore eta Sarien Araudiak aipatzen duen moduan, hiriaren Urrezko Dominak honakoak saritzen ditu: “pertsonen, erakundeen edo korporazioen aparteko merituak, hiriari zerbitzuak edo ohoreak eman izanagatik”.

Alkateak saria banatu aurretik, ohorezko aurresku batekin egin diete harrera Gurutze Gorriko ordezkariei. Ondoren, emandako adibideei beste asko ere gehitu behar zaizkiela esan du Gorka Urtaranek, hala nola etxerik gabeko pertsonekin, adinekoekin, bazterkeria-arriskuan dauden gazteekin… egiten duten lana. “Hortaz, baditugu nahikoa arrazoi Urrezko Domina emateko”, azaldu du alkateak, eta honela jarraitu du: “Gurutze Gorria balio seguruko entitatea da. Harengana laguntza eske jotzen dugun bakoitzean, erantzuna baiezkoa izaten da eta, prestasuna, osoa. Hiriaren DNAren eta gure gizarte-kapital aberatsaren parte dira”.

Bestetik, Arabako Gurutze Gorriko ordezkaritzako presidenteak, Jesus Canterok, kolektiboaren poza eta esker ona adierazi ditu domina jaso izanagatik, eta azaldu du aretoan zeuden pertsonak erakunde honekin modu altruistan lan egin duten edo lankidetzan aritu diren milaka gasteiztarren ordezkaritza txiki bat baino ez direla. Bertan izan da Estibaliz Arnaiz Euskadiko presidentea ere. Era berean, Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusia eta Pedro Elosegi Batzar Orokorretako presidentea ere joan dira aitortza-ekitaldira, eta ez dira falta izan aurreko urteetan domina jaso zutenak. Haietako batzuek ekitaldian parte hartu dute –esaterako, Amelia Baldeónek, Andre Mari Zuriaren Kofradiak edo Iñaki Añuaren familiak–.