'Umeak Eskolara' eta 'Dirulaguntzak Ikasleei'

4.589 haur eta gaztek jaso dituzte aurtengo edizioan udal laguntzak Eibarren

06.01.2022 | 17:19

Udalerriko 4.589 haur eta gaztek jaso zituzten 2021ean zehar Eibarko Udalak emandako 'Umeak Eskolara' eta Dirulaguntzak Ikasleei' programetako laguntzak. Guztira, Udalak 304.800 euro bideratu zituen ekimen horretara; hau da, ikasle bakoitzeko 60,10 euro.

'Umeak Eskolara' laguntzetan, 3.253 eskaera onartu dira. Udalak 220.000 euroko laguntza eman du guztira. Eta 'Dirulaguntzak Ikasleei" programan, 1.336 izan dira onartu diren eskabideak, emandako laguntzaren zenbateko osoa 84.800 eurokoa izanik.

Udalak, Eibar Merkataritzagune Irekia (EMGI) elkartearekin lankidetzan, hogei urte baino gehiago daramatza kanpaina hau bultzatzen, eskola-adinean dauden seme-alabak dituzten familientzat edo irakaskuntza arautu edo okupazionaleko ikasketak egiten dituztenentzat zuzendutako kanpaina. 'Umeak Eskolara' programa 2 eta 15 urte bitarteko umeentzat da, eta 'Dirulaguntzak Ikasleei' 16 eta 25 urte bitarteko gazteentzat.

Onartutako eskaera bakoitzak, gehienez ere, 60,10 euro jaso ditu, Eibarko dendetan arropa, oinetakoak, kiroletako materiala, eskolako materiala —testuliburuak izan ezik—, betaurrekoak eta lentillak erosteko gastuetarako.

Gainera, aurten, familia jakin batzuen behar bereziei erantzuntearren eta egoera ahulenean dauden familietan alarma-egoerak sortu dituen ondorioak arintzearren, nobedade gisa, ikasle bakoitzeko 120,20 euroko laguntza eman da, aita, ama, tutorea edo harrera-familia edo harrera-pertsona Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren edo Gizarte Larrialdietarako Laguntzen titularra bada edo Elikagaien Bankuaren programan sartuta badago.

Familiei ikasturte-hasieraren ondoriozko gastu bereziei aurre egiten laguntzeaz gain, kanpainaren bigarren helburua Eibarko dendetako salmentak bultzatzea eta suspertzea da, diruz lagundu zitezkeen erosketak herriko establezimenduetan egin behar baitziren irailaren 1etik urriaren 31ra bitartean.

Aurtengo kanpainaren emaitzen balantzea egitean, Udaletik nabarmendu dutena hauxe izan da: oraingoan ere, ekimen honek arrakasta handia izan duela eta zeharo finkatua dagoela herrian, bai familientzako laguntzei dagokienez, bai tokiko merkataritzari laguntzeari dagokionez.

Ildo horretatik, Udalak eta Eibar Merkataritza Gune Irekia elkarteak nabarmendu dutenez, programa honi esker "asko handitu da irailean eta urrian Eibarko merkataritzaren salmenta, eta zuzeneko zenbatespena, 360.000 euro inguruko kontsumo-ekarpenekoa izan da dendetan. Horrek esan nahi du dirulaguntzaren gastuak % 20 gehiagoko eragina izan duela, oso kontuan hartzeko zenbatekoa, eta, dudarik gabe, beste ekintza batzuekin batera, Eibarko merkataritzan diru asko sartzen lagundu duena."

noticias de deia