Salgai dago jada 'Hegazti habiagileen atlasa'. Aranzadi Zientzia Elkarteak Donostian ugaltzen diren hegazti-espezieen banaketari buruzko informazioa batu egin du Donostiako Udalarekin elkarlanean egindako liburu honetan.

Marisol Garmendia Ekologiako zinegotziak adierazi duenez, “Donostian hegazti-espezie ugari daude, eta beharrezkoa da horiek babestea eta ezagutzea. Ornitologia-aberastasun hori zabaltzea funtsezkoa da, ez bakarrik herritarrek zer espezie mota ditugun jakin dezaten, baizik eta baita espezie horiek zaintzeko eta babesteko beharraz kontzientziatzeko ere. Horixe da Aranzadiren lan osatu honek dakarren balio erantsia”.

Guztira, hegazti habiagileen 91 espezie hauteman dira. Nabarmentzeko modukoa da zifra hori, Gipuzkoa guztian 125 espezie inguru baitaude. 91 espezie horietatik, 15 Europako espezie mehatxatuen edo kontserbaziorako espezie lehenetsien zerrendetan agertzen dira.

Espezie mehatxatuenen artean, aipatzekoak dira miru gorria, ubarroi mottoduna, txirritxo txikia eta uhalde-enara. Bestalde, espezie batzuk, hala nola antzandobi arrunta eta landa-txolarrea (azken horren senide hurbila da etxe-txolarrea, hura baino ezagunagoa), oso urriak dira udalerrian, eta, gainera, atzeranzko joera dute Euskadin, landazabal atlantiko tradizionalaren eraldaketaren ondorioz.

Udalerriko espezierik ohikoena etxe-txolarrea da: 28.000 ale daudela zenbatesten da. Horren atzetik, zozo arrunta eta txantxangorri europarra ageri dira (10.000 ale bakoitzeko). Askoz atzerago, badira beste espezie batzuk ere, parke eta lorategietan oso ohikoak, hala nola kaskabeltz handia (3.000 ale inguru daudela zenbatesten da).