Irailaren hasierarekin batera, ikasturte berria dator, eta Tolosako Udalak eskaintza zabala eskainiko du. Guztira, 11 ikastaro antolatuko ditu Kultura, Festak eta Gazteria sailak, udalerriko kultur etxean egingo direnak.

Kultur alorrean, helduek antzerkia, argazkigintza, balleta, dantza garaikidea, ehoziri lana eta patchworka, pintura edo marrazketa eta zeramika egiteko aukera izango dute, eta haurrek, berriz, balleta eta eskulanak. Ordutegi eskaintza zabala dago, ikasle bakoitzaren egoerara moldatu ahal izateko.

Gazteria sailetik antolatutako ikastaroek urritik abendura bitarteko iraupena izango dute eta 16 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude. Miniatura, argazkien edizioa smartphonean eta joskintza (patroigintza eta moda diseinua) dira aurten emango diren tailerrak.

IZEN EMATEA, IRAILAREN 13TIK AURRERA

Orain arteko ikasleek irailaren 13tik 17ra dute matrikula egiteko epea, eta ikasle berriek irailaren 20tik 24ra. Kultur ikastaroetan parte hartu nahi dutenek, izen ematea, iaz bezala, tolosa.eus-en online egin beharko dute eta, horretarako baliabiderik ezean, Kultur Etxeko bulegoan laguntza eskatu dezakete. Tolosaldeko ikasleentzat hobariak daude familia ugarien edo gurasobakarren kasuan eta bizikidetza unitatearen baldintzen araberako prezio jaitsiera ere aplikatu daiteke. Zalantzarik izanez gero, kultura@tolosa.eus helbidera idatzi behar da.

Gazte ikastaroetan parte hartu nahi dutenek izen ematea irailaren 13tik aurrera egin dezakete udalaren webgunean dagoen matrikula orria emailez bidaliz gazteria@tolosa.eus helbidera. Kreditu txartelaren bidez egin beharko da ordainketa plaza konfirmatu ondoren.