Datorren asteko asteartean, irailak 14, zabaldu egingo da Xtraclubek antolatutako jardueretan parte hartzeko izena emateko epea. Guztira, Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak martxan jarritako programa honek 35 jarduera eta 662 plaza eskainiko ditu. Ekimenak 12 eta 18 urte bitarteko gazteei bideratuta daude.

Gazteria Zerbitzuaren helburua da 12-18 urte bitarteko gazteei asteburuetan eguneko aisialdirako eskaintza egitea, aisialdi positiboa sustatzeak gazteen identitatea eraikitzen lagunduko duelakoan, baita arrisku-jokabideak prebenitzen ere. Aisialdi ludiko, hezitzaile eta osasungarria eskaintzen da, eta gazteei sozializaziorako eta elkartzeko aukera ematen.

Denboraldi honetarako programatutako jardueren artean, argazkilaritza, dantza urbanoa, kantua, parkour eta komiki ikastaroak mantendu dira, eta berritasun gisa, k-pop koreanoa eta lineako patinaje artistikoa. Orobat, 14 lantegi egingo dira gizarte-etxeetan, askotariko gaiez eta material mota ugari baliatuz.

Abentura jarduerek naturaren erdian aritzeko aukera eskaintzen dute: hipika hondartzan, surfa, kayak, zuhaitz zirkuituak, rokodromoa, mendi ibilerak, bizikletaz ibiltzeko bide berdeak…

Hiriko irteerek(kart-ak, ihes-gela, puzgarrien ginkana,…) eta hiritik kanpoko kultura bidaiek ere (Santanderreko badia itsasontziz, “Egun bat zaldi baten bizitzan”, “Donostiako termak”, eta abar) presentzia nabarmena izango dute.

Jarduera horietaz gozatu ahal izateko, Covid-19aren aurreko kontingentzia plana mantenduko da, zeinak Xtraclub programako aisialdi eta denbora libreko jarduerak segurtasunez egin ahal izateko protokoloak eta prebentzio-neurriak biltzen baititu.

Webgune honetan dago eskuragarri Xtraclub programazioari eta covid-19aren aurreko kontingentzia planari buruzko informazio guztia.

Internetez, telefonoz (010 eta 945 161080) edo zuzenean (OMIJen, gizarte-etxeetan eta udal kiroldegietan) eman ahalko da izena.

Xtraclubeko jardueretan parte hartzeko baldintzak:

  • Herritarren Udal Txartela (HUT) indarrean izatea; doan lortu daiteke herritarrei laguntzeko bulegoetan. Udalaren kirol instalazioetako bazkideek % 40ko deskontua izango dute jardueren prezioan.
  • Irailaren 14tik aurrera eman ahalko da izena, gehienez ere hiru jardueratan. Leku hutsik geratzen bada, 2021eko irailaren 21etik aurrera hiru jardueratan baino gehiagotan izena emateko aukera emango da.