Inbertsio handia

Samaniego Herri Eskolako kiroldegia berrituko du Tolosak

21.07.2021 | 18:03

Tolosako Udalak inbertsio handia egingo du Samaniego Herri Eskolako Kiroldegiko eraikina eraberritzeko. Astelehen honetan, uztailak 19, hasi egin dira birgaitze-lanak. Udalak lanak amaitu nahi ditu ikasturtea hasi baino lehen, ikasle zein irakasleei eragozpenak ez sortzeko.

ERAIKINAREN EGITURA HOBETZEKO LANAK

Erdi sotoko planta hormigoizko egitura batek osatzen du eta oxidazio ugari topatu dira bertan. Kaltetutako egitura hori saneatuko da (zutabe, habe eta habexkak) eta bertako aireztapenerako irteeren azalerak handituko dira hego-ekialdeko fatxadan. Hautsitako edo desplazatutako hormigoizko gangatilak ere konpondu edo ordezkatu egingo dira. Aldagelen sarrera inguruko kanpoaldean, estaldura jarraia eta iragazkaitza ipiniko da.

Lan hauek Uzturpe eraikuntza enpresak egingo ditu 17.058,32 euroko prezioan, BEZa barne. Bi hilabeteko epea izango du lanak gauzatzeko.

ESTALKIAREN ERABERRITZEA

Lan horiez gain, eraikinaren estalkia ere eraberrituko da. Maldadun isurialdeen, buruhormen eta fatxadaren txapazko estaldura ordezkatuko da eta txapa lakatu eta grekatu berria ipiniko da. Estaldura kentzean, egitura sendotzeko lanak egingo dira estaldura berria jarri aurretik. Ipar-ekialdeko eta hego-mendebaldeko beirateen ordez polikarbonato zelularra eta altzairuzko lamak jarriko dira, kirol-kantxaren aireztapena eta argiztapena errazteko. Egituraren rigidazioa ere egingo da: alde batetik, zutabe metaliko berriak jarriko dira hormaren parean, eta goiko estalkira arte luzatuko dira, eta bestetik, profil eta pletina metalikoak soldatuko dira. Egituran eginiko aldaketei sute-aurreko erresistentzia bermatuko zaie pintura ignifugo bidez.

Cerramientos Industriales Cubertek SL enpresari esleitu zaizkio lan hauek eta 112.511,33 euroko aurrekontua izango dute, BEZa barne. Ikasturte berria hasi aurretik amaitu beharko dituzte lanak.

noticias de deia