18.498 ikaslek emango dute izena Euskal Herriko Unibertsitateko graduetan astelehen honetatik, uztailak 19, hilaren 22ra bitartean; hau da, iaz baino 2.000 ikasle gehiagok.

8.442 PLAZEN ESKAINTZA

Euskal Herriko Unibertsitateko fakultate eta eskoletan guztira 8.442 plaza eskainiko dira datorren ikasturtean. Plaza horiei gehitu behar zaizkie UPV/EHUri atxikitako hiru ikastegietako (Bilboko Merkataritza Ganberako Unibertsitate Eskola; Gasteizko Erizaintza Eskola; IMHko Ingeniaritza Dualaren Unibertsitate Eskola), hiru graduenak, guztira, 230 plaza. UPV/EHUk 2021-2022 ikasturterako iazko eskaintza bera mantentzen du: 103 gradu. Haietariko dozena bat gradu bikoitzak dira, eta hamaikak unibertsitatea-enpresa prestakuntza duala egiteko aukera ematen dute, hau da, ikasleek graduko ikasketen zati bat enpresa edo erakunde sozial batean egiten dute, eta, beraz, arlo praktikoak garrantzia handia dauka. Halaber, hogeita hamar baino gehiago dira nazioarteko titulazio bikoitzak. Prestakuntza programa horiek ikasleei aukera ematen diete graduko bi titulu eskuratzeko, bata UPV/EHUn eta bestea atzerriko unibertsitatean.

Laura Vozmediano Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreordearen iritziz, "gero eta jende gehiagok egin nahi ditu graduko unibertsitate ikasketak Euskal Herriko Unibertsitatean, eta izen-emate kopuruak gora egin duenez, gutxieneko notek gora egin dute, datuek agerian uzten dutenez. Aurten, zehazki, gradu bikoitzen eskaintzak pizten duen interesa sendotu egin da, eta horietako zazpi gutxieneko notarik altuenak dituztenen artean daude. Oro har, datuak oso onak dira, eta erakusten dute, ziurgabetasun garaian ere, euskal gizarteak euskal unibertsitate publikoaren aldeko apustua egiten duela".

MATRIKULA PROZEDURA

Uztailean Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren ohiko deialdian gainditu zuten Batxilergoko ikasleak matrikulatzen dira, hala nola Goi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleak, 25 eta 45 urtetik gorakoak eta lan esperientzia dutenak eta titulatuak. Uztailaren 19tik 22ra luzatuko den lehenengo matrikularako epe hau eta gero, bigarren deialdian (uztailak 24) deitutakoak uztailaren 26 eta 27an matrikulatuko dira, eta hirugarrenean (uztailak 28) deitutakoak, uztailaren 29an. Bi deialdi horietan aurreko ordenazioan libre geratu diren plazak esleitzen dira. Geroago, irailean, beste hiru deialdi egongo dira.

Osasun egoera dela eta, matrikula egiteko hitzordua daukaten guztiei gogorarazi behar zaie maskara eta beren boligrafoa eraman behar dutela, pertsonen arteko distantzia une oro gorde behar dutela, eta gaixotasun sintomaren bat badute, ez dutela joan behar baizik eta beren ordez beste pertsona bat bidali dokumentazio guztiarekin.