Leioako Sabino Arana etorbidean erakusketa berezi bat egongo da, aire zabalean: bere 35. urteurrena dela eta irudi, azalpen-panel eta QR kodeen bidez Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoaren (BPZT-PCTB) historia, ibilbidea eta egungo errealitatea azaltzen dituzten burdinazko, altzairuzko eta hormigoizko 10 monolito.

Abanto-Zierbenan ikusgai egon den erakusketa abuztuaren 1era arte egongo da Leioan, Sabino Arana etorbidean, eta, ondoren, Bilbora, Deriora eta Zamudiora joango da. Azken udalerri horretan amaituko du ibilbidea.

Erakusketa inauguratu da Leioan, Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendari nagusia bertan zela, Ibon Rodriguez Etxebarria herriko alkatearekin batera, beste agintari eta gonbidatu batzuen artean.

Leioak, Derio-Zamudioko mugetatik kanpo Bizkaiko parkearen lehen hedapenaren egoitza delako hartzen du parte erakusketa ibiltari honetan, unibertsitate baten eta parke teknologiko baten arteko lankidetzaren esperientzia aitzindaria. Ekimen hori, BPZT-PCTBren campus anitzeko eredua, aitzindaria da Estatuan. Ondoren, Espainiako beste parke teknologiko batzuek jarraitu dute eredu bera. Gaur egun ekoizpen-sektorera bideratutako ikerketa-jarduerak biltzen eta unibertsitatearen eta enpresaren arteko harremanak sustatzen dituen egoitza bat hartzen du Leioako campusean.

UPV/EHUk Leioan duen Parke Zientifikoak Basque Center for Climate Change (BC3) zentroaren egoitzaren lehenengo solairuan hasi zuen bere jarduera, eta gero beste hiru BERC gehitu zitzaizkion: Achucarro, BCAM eta Ikerbasque. Gainera, campus zientifikoak Animalien Bioteknologiako "María Goyri" zentroa, "Martina Casiano" Plataforma Teknologikoa, eta neurri batean Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenaren (CSIC) mende dagoen Biofisika Unitatea ditu.

Epalzak adierazi duenez, erakusketa publiko honen bidez ‘Bizkaiko biztanle guztiei 35 urte bete dituen ibilbide arrakastatsua helarazi gura diegu. Eta aldi berean, parke teknologikoen funtsezko eginkizunari, egungo errealitateari eta ilusioz betetako etorkizunari buruzko mezua helarazi, talentua eta ezagutza batzen dituen eta oraina hobetzeko eta gizartearen etorkizuna sortzeko lan egiten den ingurunean”.

Iban Rodriguez Etxebarria Leioako alkateak Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoaren ibilbidea ospatu zuen, eta, aldi berean, 2016an parke hori EHUren ondoan udalerrian hedatzeak Leioarako izan zuen garrantzia azpimarratu zuen. 'Leioako Parke Zientifikoa hazten ari bada ere, poz handia eman digu dagoeneko, eta ikerketa, berrikuntza eta ikaskuntza lana indartzen eta indartzen jarraituko duelakoan gaude. Harro egoteko modukoa da Leioa, Bizkaia eta Euskadirentzat '.‘Ezagutu non sortzen den gure etorkizuna’

Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoak (BPZT/PCTB), lurralde honetan eta Euskal Autonomia Erkidego osoan ekonomiaren, zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren arloko zentro nagusietako batek, hiru hamarkada eta erdiko jarduera ospatu gura du, herritarrei bere historia, ibilbidea, egungo errealitatea eta etorkizuneko planak ezagutaraziz. Eta horretarako, bost hilabetez Bizkaiko beste hainbat udalerritan zehar ibiliko den erakusketa berezia antolatu du: Leioa (uztailaren 15etik abuztuaren 1era), Bilbo (abuztuaren 6tik irailaren 12ra), Derio (irailaren 17tik urriaren 12ra) eta Zamudio (urriaren 15ean). Maiatzaren 28tik Gallarta, Las Carreras eta Sanfuentes auzoetan ikusgai egon den Abanto-Zierbenaren ondoren, erakusketa aipatutako herri horietan ikusi ahal izango da bost hilabetetan zehar; izan ere, urrian itxiko du ibilbidea Zamudion, APTEren (Parke Zientifiko eta Teknologikoen Estatuko Elkartea) biltzarrarekin bat eginez.

‘Ezagutu non sortzen den gure etorkizuna’ lelopean, aire zabalean ikusteko diseinatutako erakusketa da, eta burdin forjatuz eta corten altzairuz egindako 10 monolito handi ditu. Bi aurpegietan Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoaren 20 irudi ageri dira, azalpen-panel elebidunekin, eta mugikorraren bidez hainbat azalpen-bideo eskuratzeko aukera ematen duen elementu interaktibo batekin batera (QR kodeak).

Ezohiko formatuarengatik, eta Pedro Luis Ajuriaguerra muskiztarrak Parkearen historia, ibilbidea eta egungo eta etorkizuneko errealitatea islatzeko aukeratu dituen irudiengatik nabarmentzen da erakusketa. Artista autodidakta da, lehiaketa eta erakusketa ugariren bidez nazioartean errekonozimendua lortu duena, eta argazkigintza arkitektonikoaren arloan nabarmentzen dena.

Erakusketa gaikako hainbat arlotan egituratzen da: parkearen jatorria, ingurune pribilegiatua eta ingurune naturalaren iraunkortasunaren eta zaintzaren aldeko apustua, horrek bultzatu duen industria eta ikerketa binomioa, teknologiaren sustapena, bere barruan garatu diren hainbat sektore eta zentro teknologiko, eta baita Derio-Zamudioko jatorrizko egoitzatik kanpora egin diren hedapenak ere: UPV/EHUren Zientzia Parkea eta Bizkaiko etorkizuneko Teknologia Parkea Ezkerraldea-Meatzaldean, energiaren sektorearekin lotutako jarduerak erakarriko dituena.