Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) uztaileko bideo-gomendioa erabili du herritarren artean estres eta antsietateagatik gero eta hedatuago dagoen gaitz bat ezagutarazteko: bruxismoa.

Bruxismoa hortzak nahi gabe eta modu jarraian karraskatu eta estutzean datzan nahasmendu bat da, egunez zein gauez gertatu ohi dena eta hainbat ondorio sor ditzakeena: hortzetan kalteak, esmaltea higatzea, barailaren eremuan muskulu-mina eta buruko mina sarri izatea.

Fisioterapiak barailako mina, artikulazioetako mina eta horrekin lotutako muskuluetako mina tratatzen ditu “mugikortasuna berrezarri eta mina modu eraginkorrean murrizten laguntzeko”, “12 hilabete, 12 osasun-gomendio” kanpainaren bideo-gomendioak (https://www.youtube.com/watch?v=fPBiAiYfdJA) azaltzen duen moduan. Hori Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) gauzatu du, Madrilgo, Aragoiko, Kantabriako, Kataluniako, Valentziako Erkidegoko, Galiziako, Errioxako eta Nafarroako elkargoekin batera.

“Bruxismoa oso zabalduta dago gaur egun, gure faktore psikosozialengatik, estres eta antsietate handia dituen gizarte batean bizi baikara”, adierazi du EFEOko presidenteorde June Ruizek. Halaber, hortzak higatzean, Ruizek azaldu duenez, “ezpainetan markak sor daitezke horiek hortzekin estutzeagatik, masailaren eremuan mina sor daiteke artikulazio tenporomandibularrean (ATM), eta baita barailaren gaineko eremuan edo belarriaren ondokoan ere, eta matelaren eremuko muskulu maseteroan hipertrofia sor daiteke”.

Fisioterapeuten jarduketak pazientearen buruko eremu guztietan esku hartzen du. “Gainera, barailaren eremu guztia bizkarrezur zerbikalarekin lotuta dago; beraz, fisioterapeutok eremu hori ere tratatu beharko genuke sintoma guztiak baloratu ondoren”, adierazi du EFEOko presidenteorde.

Euskal fisioterapeutek hainbat oinarrizko jarraibide gomendatzen dituzte nahi gabeko nahasmendu hau arintzeko, automatizatutako estimulu gisa sortzen dena, ibili edo arnasa hartzearekin gertatzen den moduan:

1. Atsedena hartzen ari zarenean, ohartu non jartzen duzun mihia. Goiko ahosabaian eta hortzen atzean egon beharko luke.

2. Ekidin goiko eta beheko ebakortzak kontaktuan egotea.

3. Begiratu zenbat irekitzen duzun ahoa. Goiko eta beheko ebakortzen artean hiru hatz sartu beharko lirateke normalean.

4. Eremu hori erlaxatzeko ariketa erraz bat da hatzekin presioa egitea muskulu maseteroan, ahoa irekitzen dugun bitartean. Ondoren, presioa kendu ahoa ixteko eta prozesua errepikatu beharko da, minik sortu gabe.