UPV/EHUren azterlana

Adimen emozional handiko liderren taldeek ongizate handiagoa sortzen dute erakundean

08.07.2021 | 22:54
Rosa Mindeguia Petrirenak, UPV/EHUko Oinarrizko Prozesu Psikologiko eta Garapen Saileko ikertzailea.

Lider transformatzaileak gai dira beren emozioak transmititzeko eta erakunde osoan ongizate- eta emozio-egoera atseginagoa bultzatzeko. Hori ondorioztatu egin du Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateak egindako ikerlan batek.

Adimen emozionala zure eta zure ingurukoen emozioak ulertu eta kudeatzeko gaitasuna da. Adimen emozional handia duten pertsonak gai dira sentitzen dituzten emozioak, haien esanahia eta emozio horiek beste pertsonei nola eragin diezaieketen identifikatzeko. Aldagai hori gero eta garrantzitsuagoa da erakundeetan. Hala ere, gero eta erakunde gehiagok egiten dute lan taldeetan, eta adimen emozional kolektiboa ez da askorik aztertu orain arte.

"Adimen emozional kolektiboa talde baten adimen emozionalari dagokio. Talde-emozioei aurre egiteko taldeek duten kultura edo arau-multzo moduko bat da. Hau da, lankideen sentimenduei arreta jartzeko, taldeak sentitzen dituen emozioak ulertzeko eta gogo-aldarte negatiboak bideratzeko pentsamendu positiboa erabiltzeko gaitasuna", azaldu du Rosa Mindeguia Petrirenak, UPV/EHUko Oinarrizko Prozesu Psikologiko eta Garapen Saileko ikertzaileak.

Mindeguiaren arabera, "askotan, alde handiak izaten dira zuzendariek dituzten portaeren eta langileek hautematen dutenaren artean". Horregatik, "lan honetan saiatu gara bilatzen zein diren erlazio horretan dauden aldagaiak; hau da, zergatik egiten dute bat batzuetan, eta besteetan ez, zuzendari batzuek beren buruaz duten pertzepzioak eta langileek haiez duten ikuspegiak? Lan honen helburua da zuzendaritza-taldearen eta langileen arteko harremanetan emozioek duten eragina zein den jakitea", erantsi du lanaren egileak.

Horretarako, "hainbat galdeketa egin ditugu erakunde batean bi kolektibo desberdinen ikuspuntua jasotzeko: liderrak eta langileak. Alde batetik, kudeatzaileek beren langileei entzuten dieten, arreta ematen dieten, haiei laguntzen saiatzen diren... jakiteko informazioa bildu da; hau da, entzun, arreta jarri eta langileei emozionalki laguntzeko lidergo transformazionalaren eredua neurtzen dugu. Talde horien adimen emozional kolektiboa ere aztertu dugu, talde horiek beren emozioei erantzuten dietela, emozio horiek erregulatzen dakitela eta abar ikusteko", adierazi du UPV/EHUko ikertzaileak. Bestalde, "bere ardurapeko langileen emozioak aztertzen ditugu: poza, gogoa, harrotasuna€ baita haien arteko kohesioa ere. Bi ikuspuntutatik informazioa biltzeak zabaldu egiten du erakunde batek benetan nola funtzionatzen duen ikusteko dugun ikuspegia, eta zergatik batzuek besteek baino arrakasta eta ongizate handiagoa duten aldagai emozional edo afektiboei dagokienez", adierazi du Rosa Mindeguiak.

"Artikulu honen emaitzek erakutsi dute — dio Mindeguiak — adimen emozional handiko liderren taldeak gai direla langileen beharrak hobeto identifikatzeko, eta, era berean, hobeto erantzuten dietela behar horiei. Beraz, beren lidergo-eredua beren langileen egoeretara egokitzeko gai dira. Hori dela eta, langileak positiboago eta gogotsuago sentitzen dira, harrotasun handiagoa erakusten dute... Era berean, horrek eragina du lankideen artean kohesio handiagoa sentitzean".

Halaber, "adimen emozional handiko zuzendaritza-taldeak gai dira, alde batetik, ingurune positiboagoak sortzeko; eta, gainera, ikusi dugu zuzendarien ingurune positibo horiek enpresa osoa kutsatzen dutela, eta, beraz, erakunde osoan ongizate- eta emozio-egoera atseginagoa izatea lortzen dugu. Horrek, aldi berean, zerikusia du langileak proaktiboagoak izatearekin, estres gutxiago izatearekin, laneko gogobetetasun handiagoarekin eta abarrekin", ondorioztatu du UPV/EHUko ikertzaileak.

noticias de deia