2020aren amaieran, Euskal Herriko Unibertsitateko Teknologiaren Transferentziako teknikari Ricardo Merinok maila globaleko kidekoek haren espezializazio prestakuntzaren eta lorpen profesionalen aldeko balorazioa egin dutela egiaztatzen duen RTTP ziurtagiria lortu zuen. Orain arte, 10 ziurtagiri bakarrik lortu dira estatu mailan.

RTTP (Registered Technology Transfer Professional) jakintzaren eta teknologiaren transferentziaren esparruan, dela sektore akademikoan dela industrian, lan egiten duten profesionalen gaitasuna eta esperientzia ziurtatzeko nazioarteko estandarra da.

ATTP (Alliance of Technology Transfer Professionals) erakundeak sustatzen du RTTPa. Erakunde hori teknologiaren transferentzian diharduten elkarteen nazioarteko aliantza bat da; elkarte horien artean, RedTransfer, AUTM eta ASTP Proton daude, besteak beste. ATTPk honako helburu hauek ditu: teknologiaren transferentziaren arloan nazioarteko estandarrak garatzea eta mantentzea; elkarte nazionalek antolatutako prestakuntza programak babestea (adibidez, RedTransfer elkartearen InnoPrac programa); eta teknologiaren transferentziaren arloko profesionalak aintzatestea, RTTPa emanez.

Merino Euskal Herriko Unibertsitateko Jabetza Intelektualaren Kudeaketako arduraduna da eta UPV/EHUn 15 urte baino gehiago daramatza teknologiaren eta jakintzaren transferentziaren arloan lanean; hau da, unibertsitatean egiten den ikerkuntzaren emaitzak ekoizpen sarera edo zuzenean gizartearengana iristea lortzeko lanean. "Unibertsitateetako transferentziako teknikariak oso espezifikoak gara eta gure lana unibertsitatearen hirugarren eginkizuna indartzea da: teknologiaren eta jakintzaren transferentzia", nabarmendu du Merinok.

UDAKO IKASTAROA

Bere zereginetako bat 'Cómo aprovechar el foco de Excelencia Innovadora que es Euskadi' udako ikastaroa zuzentzea da. Ikastaro hori ekainaren 21 eta 22an emango da, online, eta, aurrez aurre ere bai, Donostiako Miramar jauregian.

Bere aktibo teknologikoak nola identifikatu, nola babestu, informazio teknologiko askeari etekina nola atera, aktibo teknologikoak nola transferitu eta Euskadin ekiteko zer arrazoi dauden eta nola egin daitekeen jakin nahi duten pertsona eta enpresa guztiei zuzenduta dago ikastaroa.