ÚLTIMA HORA
196 contagios en Euskadi, 106 de ellos en Bizkaia

Jatetxeen barneak berriro zabalik daude Ipar Euskal Herrian

Neurriak arintzen segitzen dute, eta adibidez etxeratze agindua bi orduz atzeratu da asteartetik

11.06.2021 | 01:07
Milaka lagun ostatu eta jatetxeetara doaz egunotan.

Deseskalatzeak aurrera jarraitzen du Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoan, eta asteartetik bezeroak kiroldegi estalien eta jatetxeen barrura sar daitezke berriro. Bertan, edukieraren erdia baizik ezin da erabili eta mahai bakoitzean gehienez sei lagun egon litezke. Bezeroek beren datuak utzi beharko dituzte jatetxe eta tabernetan harremanetan egoteko kutsatzerik gertatuko balitz.

Ostalari gehienak pozik daude nahiz eta ia denek dioten langileak falta dituztela profesional gehienek lanbidez aldatzea erabaki dutelako itxialdi garaian. Sektorearen garrantziaz oharturik, hainbat hautetsik zenbait laguntza eman nahi izan dizkiete ostalariei, eta Biarritzen, adibidez, iazko udan bezala aurten ere ostalariek terrazak dohainik handitzen ahal izango dituzte eremu publikoan Maider Arosteguy alkatearen hitzetan. "Noiztenka karrika batzuk hetsiko ditugu ere oinezkoak lasai ibil daitezen ibilgailurik gabe eta segurtasun gehiagorekin", dio Arosteguyk.

Etxeratze agindua bi orduz atzeratu dute, gaueko hamaikak arte, eta zortzi hilabeteko ixtearen ondotik igerilekuek eta talasoterapiek ateak berriz zabaldu dituzte ere.

Gaur egun, Pirinio Atlantikoetako departamenduan inzidentzia metatua 76koa da 100.000 biztanleko, herritarren erdiak txertoaren lehen dosia jaso du laurden batek pasa bigarrena izan duelarik. Iparraldean herritarrek bere txanda eskatu behar dute eta ekainaren 15tik hamabi eta hemezortzi urte arteko guztiek hitz ordua hartu ahal izango dute, nahi dutenek eta beti ere gurasoen baimenarekin.

Kutsatzeak

Bestalde, gaitzaren zenbait agerraldi daudenez hainbat ikasgela itxi dituzte eta Zuberoan datorren udan eskainiko duten pastoralaren prestaketa gelditu behar izan dute biltzarrik ez egiteko egun hauetan. Euskal Herriko lurralde txikienean azken egunetan gero eta kasu gehiago agertu denez PCR proba gehiago egiten dute herriz herri, listuarekin ere bai eskoletan. Bestalde, txertatze kanpaina indartu dute ere. Zuberoko zenbait herritako farmazialariek gero eta autotest eta maskara gehiago saltzen dute eta agintariek kontrolak zorroztu dituzte.

Osasun arloko arduradunek adierazi dute aurreikusi zutela kasuen kopuruaren emendatzea gertatuko zela, oro har, beste lurraldeetan baino kasu gutxiago izan baita orain arte, eta talde imunitate oso mugatua baita ondorioz bereziki gazteen artean. Joan den maiatzaren 3an neurriak arintzen hasi zirenetik herritarrak lasaiegi dabiltzala ohartarazi dute.

Jadanik txertatuak izan diren Europako Batasuneko, Australiako eta Israelgo herritarrak Frantziako Estatuan berriz sartu daitezke atzotik PCR negatiborik erakutsi behar izan gabe. Txertoa oraindik jaso ez dutenek azken 72 orduetan egindako PCR negatiboa eraman beharko dute. Frantziako gobernuak indarrean eman duen neurri berri hau dela eta, jadanik txertatuak izan diren hego euskal herritarrak ipar Euskal Herrira joan litezke berriro, Landetara ere bai.

Frantziako Gobernuak dio kontrolak zorroztu dituela baina azken asteetan Biriatuko ordainlekuan gehienetan inork ez du PCR negatiborik eskatzen. Parisek zorrotzago jokatuko du Ameriketako Estatu Batuak eta Erresuma Batuarekin, txertatuak direnek ere PCR negatiboa erakutsi beharko baitute. Hego Afrika, India eta Brasilgo herritarrei bakar bakarrik ezinbestean eta gauza oso garrantzitsuengatik onartuko zaie Frantziara sartzea.

Halaber, osasun agiria erakutsi beharko da mila lagun baino gehiagoko biltzarretara sartu ahal izateko. Bihar, Baiona eta Miarritzeko errugbi taldeek derbia jokatuko dute 17:30 eta aspaldiko partez bost mila ikusle elkartuko direnez osasun agiria daukatenei utziko dieten kirol zelaiara sartzen. Bi hirietan ezin izanen da alkolik edan karrikan eta pantaila erraldoiak jartzea debekatu dute biltzarrak ekiditeko.

 
noticias de deia