BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Hezkuntza Fakultateko dekano Asier Romerok 2021eko Hegaluze Saria irabazi du. Antolatzaileek irakasleak Bermeoko ondare materiala eta inmateriala bildu eta zabaltzeko egiten duen lana saritu dute sariketaren 24. edizio honetan.

Bermeoko Arrain Azokaren barne, urtero bezala (iaz ez zen saririk eman pandemiaren erruz), bermeotarrontzat oso garrantzitsua den Hegaluze Sariak, ekintza puntual edo jarraipen profesional bat saritzen du, Bermeoren izena zabaldu eta goraipatzen duenari edo herriaren alde lan egiten duenari.

Horrela, aurten Asierren lana nabarmentzea erabaki dute herritarrek. Izan ere, Romerok "Itsosupeteko ondarea" webgunea kudeatzen du eta bertan Bermeoko ondare materiala zein inmateriala zabaltzen du pilula informatiboen bidez. Sare Sozialak ere erabiltzen ditu Bermeoko bitxikeria historiko horiek zabaltzeko eta bertoko zein kanpoko publikoan duen tiramena nabarmena da. Horren adierazgarri webguneak egun dituen 98.000 bisitaldiak, 70 pilula informatibo argitaratu ditu dagoeneko eta berri bat sarera igotzen duen bakoitzean 3.000 inguru ikustaldi izaten ditu egun berean.

Filologian doktorea da Romero, UPV/EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultatearen irakasle titularra eta Fakultate bereko dekanoa 2018.urtetik aurrera. Bere doktore tesiak Bermeoko Erdi aroko dokumentazioa berreskuratzea izan zuen ardatz eta bost urtez herriko dokumentuak bildu eta hamaika elkarrizketa egin zituen Bermeori buruz idatzitako guztia bereganatu nahian. "Bermeok aberastasun historiko, kultural eta ondare kalkulaezina du, hori ezagutzea, zaintzea eta transmititzea ezinbestekoa da" azpimarratu du.

Arrain Azoka Elkartearen babesean Itsuki Irratiak antolatzen duen 24. Hegaluze Saria Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldian banatuko da streaming bidez. Ostiralean, maiatzak 21, Romerok saria jasoko du Arrantzaleen museoan Bermeoko historia erakargarri bihurtu eta ezagutzera emateko egiten duen lana eskertzeko.