DONOSTIA. Koronabirusaren krisialdiak merkataritza eta ostalaritzaren sektoreari eragindako kalte ekonomikoak gutxitzeko asmoz, Donostiako Udalak 2.250.000 euroko aurrekontua bideratuko du bi sektore horiei laguntzeko, 2021 PREK Ekonomia Suspertzeko planaren barruan.

Erosketa bonuen kasuan, ekarpena milioi 1 eurokoa da 125.000 bonu saltzeko, eta horrek 2,5 milioi euroko diru sarrerak sortuko dizkio sektoreari. Gehieneko zenbatekoa 15.125 euro artera irits daiteke establezimendu bakoitzarentzat, establezimenduek beren eskura jarritako laguntza guztiak eskatzen dituzten kasuan: zuzeneko laguntzak, erosketa bonuak eta emakumeak eta 45 urtetik gorako pertsonak kontratatzeko laguntzak. Datozen egunetan irekiko da epea establezimenduek erosketa bonuen sisteman parte hartzeko aukera izan dezaten.

Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak, Marisol Garmendiak, hau adierazi zuen: “gure egitekoa da une honetan gehien behar duten sektoreei laguntza ematea, hiriko merkataritzari eta ostalaritzari, alegia. Laguntza hauekin, hiru helburu lortuko ditugu: jarduerari eustea, kontsumoa suspertzea eta enplegua sustatzea 45 urtetik gorako pertsonen kolektiboan. Baina, horrez gain, berriro ere Donostiako herritarren elkartasunari egiten diogu deia. Hain zuzen ere, herritarrek sentsibilitate berezia erakutsi dute kalterik gehien jasan dutenekiko, eta erosketa bonuak kontsumitu dituzte beren eskura jarri ditugunean”.

ZUZENEKO LAGUNTZAK MERKATARITZARAKO ETA OSTALARITZARAKO

Zuzeneko diru laguntzak, alde batetik, diru sarreren falta arintzeko eta gastu finkoei aurre egiteko, eta, bestetik, kudeaketa hobetzeko tresnak garatu eta ezartzeko. Merkataritza eta ostalaritza sektoreko enpresei zuzenduta daude, baldin eta zerga egoitza Donostian badute eta alta emanda badute Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, epigrafe zehatzetan.

EROSKETA BONUAK

Herritarren eta merkataritza eta ostalaritzako establezimenduen eskura jarri da erosketa bonuen kanpaina berri bat, milioi bat euroko balioarekin. Horrek 2.500.000 euroko gastua eragingo du, eta kontsumitzaileak % 40ko deskontua izango du.

EMAKUMEAK ETA 45 URTETIK GORAKO PERTSONEN KONTRATAZIOA

Kontrataziorako laguntzak ostalaritza eta merkataritza sektoreetan, emakumeak eta 45 urtetik gorako langabetuen enplegu sorrera sustatzera bideratuak.

2020ko PREK DATUAK

Donostiako Udalak iaz 6,2 milioi euro bideratu zituen saltokiei eta ostalaritzari emaniko laguntzetara, pandemiak eraginiko krisiaren ondorioak arintzeko helburuarekin. 3,2 milioi zuzeneko laguntzetarako izan ziren, eta merkataritzari eta ostalaritzari laguntzeko 180.000 bonuetarako. Laguntzen onuradun izan ziren hiriko 2.000 establezimendu; horietatik % 41 ekialdean kokaturikoak izan ziren. 739 lanpostu sortzea lortu zen, eta 9.000 enplegu finkatu ziren, Donostia Sustapenak ezarritako laguntza lerroei esker. Bestalde, 2.000 emakume inguru izan ziren neurri hauen onuradun.