Gizarte ekimeneko euskaltegiek egindako aldarrikapen historikoari erantzunez, Eusko Jaurlaritzak 10 milio euro inbertituko ditu datozen lau urteetan irakasleen lan baldintzak hobetze aldera. Horrela, euskaltegi pribatuen urteko soldata 25.000 eurokoa izanik ia 34.000 eurotara igo nahi da lau ikasturteren buruan, hau da, %36 gehiago.
Era berean, eskola-orduak 1.000 ordutik 809 ordura jaitsi nahi dira gradualki, hau da, ia %26,5 gutxiago. Modu honetara, euskaltegi pribatuetako irakasleen baldintzak sare publikoaren irakasleenekin berdindu nahi dira. Helburu nagusia helduen euskalduntzean jardutea erakargarriago egitea da.
Bingen Zupiriak, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, gaur goizean aurkeztutako neurria agintaldi honetarako konpromisoen artean bilduta dago. Bere esanetan, gizarte ekimeneko euskaltegietan diharduten irakasleen lan baldintzak hobetzea da datorren urteotan dauden erronkei eusteko modu bakarra.
Izan ere, euskaltegi pribatuen ordezkaritzan Laida Begiristainek argitu zuenez, "datozen 10-15 urteetan irakasleen erdiak baino gehiago ordezkatu beharko" dituzte. Hortaz, Zupiriaren arabera, "garrantzitsua da helduen euskalduntze sistema egonkortzea eta berpiztea". Horregatik, azken helburua euskaldundu nahi diren pertsona horiei eskaintzen zaien zerbitzua eta kalitatea hobetzea dela argitu zuen.
Prentsaurrekoan adierazi zutenez, azken urteetan nabarmena izan da helduen euskalduntzean lan egiten duten irakasleen kopuruaren jaitsiera. Batez ere azken ikasturtetan, 10 irakasletik batek utzi egin baitu helduen euskalduntzea. Halaber, irakasle gazteak helduen euskalduntzean barneratzen ez direla argitu zuten.
Arrazoiak bat baino gehiago dira, baina batik bat euskaltegi pribatuetako irakasleek udal euskaltegietako irakasleekin alderatuz lan baldintza eskasagoak dituzte. Izan ere, bi sareetako irakasleen arteko soldata aldea ia %40koa da eta irakasleek ematen dituzten eskola-orduetan ere aldea nabarmena da: pribatuetakoak 1.000 ordu dituzte, eta, publikoetan, 735 ordu.