EIBAR. Eibarko Udalak beste aurrerapauso bat eman du erdigunea Mekola eta Arratebiderekin lotuko dituen bi igogailu publikoak eraikitzeko. 56.000 euroko aurrekontua izango du, eta dagoeneko lizitaziora atera du proiektua idaztea. Adjudikaziodunak 17 aste izango ditu egitasmoa idazteko.

Gaur egun, hirigunetik (San Andres pasealekua eta San Juan kalea) Mekola eta Arratebide auzoetara joateko eskailerak daude nagusiki, Ardantzako geltoki gainean dagoen Berdintasun pasealekura igotzeko izan ezik, horra Udal ostean dagoen igogailuaren bidez joan daiteke-eta. Auzo horien irisgarritasuna hobetzeko, Udalak bi igogailu jarri nahi ditu martxan: lehena, duela gutxira arte Bildosolaneko txaleta zegoen lursailetik Mekola kaleraino, eta bigarren kale horretatik Arratebideraino.

Hori posible izan da Udalak txaletaren lurrak eskuratu zituelako, jabeekin akordio bat lortu ondoren.

Lehen igogailuak bi geraleku izango ditu: bat Mekola auzoko etxebizitza batzuetara joateko, pasarela baten bidez, eta bigarrena, Mekola kalearen parean. Metro batzuk aurrerago, bigarren igogailu bat jarriko da Arratebide aldera sarbidea emango duena.

Hori guztia bertako bizilagunen prozesu parte-hartzaile baten fruitu izan da. Prozesu horretan eta hainbat bilera egin ondoren, kokapen batzuk atera ziren, eta parte-hartzaileekin eztabaidatu ondoren azken aukera bat adostu zen, eta horixe izango da egitasmoa idazteko kontuan hartuko dena. Prozesu parte-hartzailean adostu zen, halaber, Mekola kalerako hobekuntzak egitea, Ardantzako Babes Ofizialeko Etxeen urbanizaziotik Arratebideraino; adostu zen, baita ere, gogoeta bat egitea auzoko trafikoaren inguruan, oso kale estua baita eta ez dago espaloirik.

Auzokoen artean adostu eta orain proiektuaren idazketarekin paperera eraman beharko den proposamenean, Bildosolaneko txaleta zegoen partzela lautu eta Berdintasun pasealekuaren kota berera eramango da.

Aipatutako bi igogailuekin batera, Udalak aurreikusten du parke-eremu bat sortzea Bildosolako txaleta zegoen lurretan, lorategi zabal batekin, lehenengo igogailura sartzeko balioko duena; eta San Juan kalearen ostean dagoen aisialdirako gunea berrurbanizatu eta eguneratu egingo da. Horrela, inguru guztia toki atsegin eta txukunagoa izango da.

Interesa duten enpresek urtarrilaren 11ra arteko epea izango dute beren eskaintzak aurkezteko.