UPV/EHUren ikerketaren arabera

Koronabirusak eragin zuzena izan du gizarte zerbitzuetan

08.01.2021 | 11:22
Geltoki baten artxiboko irudia.

BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateko hainbat ikertzailek partu hartu dute argitaratu berri den koronabirusak gizarte-zerbitzuetan duen eraginaren bigarren gainbegiratze-txostenean. Txosten hori irail, urri eta azaro bitartekoa da, eta estatuko beste hiru unibertsitatetako ikertzaileekin batera egin dute (Balear Uharteetako Unibertsitatekoak, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsekoak eta Zaragozako Unibertsitatekoak).

Txosten horrek berresten du pandemiak eragindako krisiaren ondorioz nabarmen ugaritzen ari dela gizarte-laguntzak behar dituzten pertsonen kopurua; izan ere, behar-egoeran sekula izan diren familietara iritsi da, ostalaritza eta beste zenbait sektore ixtearen ondorioz diru-aurrezkiak kontsumitu baitituzte. Txostenari dagokion epean egindako elkarrizketetatik ondorioztatzen denez, egoera horrek okerrera egingo du neguan, negozio gehiago ixteko arriskuaren ondorioz.

Halaber, txostenak agerian uzten du egoerak okerrera egin duela gizarte-zerbitzuen erabiltzaile izan ohi diren pertsonen kolektiboan. Laguntza eskatzen duten pertsonak profil askotakoak dira: kontratu ezegonkorrak dituztenak; diru-sarrerarik ez duten eta adingabeak ardurapean dituzten familiak, eta pandemiaren ondorioz afekzio emozional larriak dituzten lagunak.

Lagina oso heterogeneoa izan arren —zenbait komunitate-erkidegotako 52 udalerritako gizarte-zerbitzuek hartu dute parte—, antzeko egoerak identifikatu dira oro har.

NEKE PROFESIONALA

Bestalde, dokumentuak aditzera ematen du gizarte-zerbitzuetako profesionalak nekeak jota daudela, martxotik aurrera egindako neurriz gaineko ahaleginagatik. Gainera, langileek ez dute aurreikusten epe laburrean egoerak hobera egingo duenik. COVID-19ak gizarte-zerbitzuetan duen eragina gainbegiratzen ari diren ikertzaileek diotenez, "gaur egun bai osasun-sisteman bai sisteman bertan bizi den egoera konplexuak eragiten du gizarte-langileak nekeak jota, kezkatuta eta nolabait nahastuta sentitzea; izan ere, sumatzen dute okerrena iristear dagoela, datorrena okerragoa izango dela eta ez dakite oso ongi nola egin ahal izango dioten aurre dagoeneko hautematen den krisi sozialari".

Diziplinarteko taldeak ohartarazi duenez, "aurreko hilabete guztietan jasan duten presioaren ondorioz, higatzen ari dira inplikazio- eta erantzukizun-maila oso handia duten profesionalak"; Balear Uharteetako gizarte-langile batek hau azaldu du: "Konturatzen zara gizarte-zerbitzuak lehen sarea izan beharrean azken sarea dela, eta horrek neurriz gaindiko erantzukizun bat eragiten dizu, arretarik gabe inor ez uzteko estresa eragiten dizuna".

Nolanahi ere, ikerketa-taldeak egiaztatu duenez, "zerbitzu hauetako profesionalak estrategia, neurri eta tresnak garatuz joan dira, egoera berrira egokitzeko; programa berriak diseinatu dituzte gizarte-behar berriei erantzuteko".

Gizarte-zerbitzuetako langileek nabarmendu dutenez, "laguntza ekonomikoen jarraitutasuna eta iraupena ohiko kezka da halako zentro guztietan". Profesionalek, ordea, alderdi positibo bat nabarmentzen dute: "Pandemiaren eraginak orokortu egin direnez, pertsona askok lotsarik sentitu gabe jotzen dute gizarte-zerbitzuetara". Hori positibotzat jotzen dute gizarte-langileek, zeintzuen ustez gizarte-zerbitzuak herritarren alboan baitaude. "Pertsona batzuek pausoa eman dute, orain, nolabait esateko, egoerak babesten dituelako: gainerako eskaerekin baldin banoa, gutxiago nabaritzen da", dio per capita errenta altuko Madrilgo barruti bateko gizarte-langile batek.

UPV/EHUKO KIDE BATZUEK PARTE HARTZEN DUTE DIZIPLINARTEKO TALDEAN

Covid-19ak gizarte-zerbitzuetan duen eragina gainbegiratzen duen txostena 2020ko uztailetik [ikusi lehen txostena] egiten da; Administrazio Publikoaren Institutuak (INAP) finantzatzen du, eta bi hilean behin argitaratzen da. Sei autonomia-erkidego hauetako 52 udalerritako gizarte-zerbitzuetan egindako elkarrizketetan oinarritzen da: Andaluzia, Aragoi, Balearrak, Gaztela eta Leon, EAE eta Madril. 2021eko iraila arte argitaratzen jarraitzea aurreikusi da.

Taldean UPV/EHUko hiru ikertzailek hartzen dute parte: Maite Fouassier Zamalloa, Irune Ruiz Ciarreta eta Eider Alkorta Elorza. Hirurek esperientzia handia daukate ikerketa-alor honetan.

Gizarte-zerbitzuetako inpaktua gainbegiratzeko taldeak aurreikusi du 2021eko iraila arte egoeraren jarraipena egitea eta txostena bi hilean behin argitaratzea.

noticias de deia