EIBAR. Eibarko Udalak 313.656,84 euroko aurrekontua bideratuko du Muzategi kalea berrurbanizatzeko lanak egiteko. Dagoeneko lizitaziora irten da Injelan eta ZMZ Asociados ingenieritza-enpresek idatzitako proiektua, eta exekuzio-epea bost hilabetekoa izango dela iragarri dute.

Egitasmoak, batetik, Muzategi kaleko eraberritze integrala eta kalearen hobekuntza jasotzen du, eta, bestetik, kale hori eta Errebal Plaziak izango dituen hainbat terraza lotzen ditu; hala, Errebal kaleko konexioa hobetu egingo da. Gainera, ezabatu egingo da gaur egun espaloiaren eta bidearen artean dagoen koten arteko aldea, eta koexistentzia gune bat sortuko da.

Egitasmo honetarako, Errebal kaleko urbanizazioko eta funtzio anitzeko eraikinaren inguruetako materialak erabiliko dira, azken emaitza osotasunean armonikoa izan dadin.

Halaber, lan horiek baliatuko dira zerbitzu-sareak berrizteko, hala nola, edateko ur-hornidura, saneamendua (euri-urak eta ur beltzak), argiteria publikoa eta telefonia-sareak.

Muzategi kaleko obra hauek Errebal Plazia funtzio anitzeko eraikin berriaren ingurua urbanizatzeko proiektu bateratuan sartzen dira.

Jon Iraola Obra zinegotziaren esanetan: "asmoa da 2021ean zehar Errebal Plazarekin batera —zeinaren irekierak eta abian jartzeak herriaren inguru hori irauli nahi duen— Errebal kaleko obrak amaitzea, bai eta Merkatu eta Muzategi kaleetan aurreikusitako lanak ere, hala, hiri-ingurune eraberritu eta atsegin bat lortuz herritar guztien atsegingarri".

Interesa duten eraikuntza-enpresek urtarrilaren 18ra arteko epea izango dute beren eskaintzak aurkezteko.