DONOSTIA. Gaur goizean, abenduak 28, astelehena, Donostiako Udaltzaingoa Eusko Jaurlaritzaren irrati mugikorreko sare integralean, TETRA izenekoa, integratzeko hitzarmena sinatu egin dute Donostiako Udalak eta Eurko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak.

Hitzarmenaren helburu nagusia bi polizia-kidegoen giza eta material baliabideak optimizatzea da. Honela, bikoiztasunak saihestuko dira, Euskadiko Segurtasun Sistema Publikoan jasota dagoenari jarraituz. Horrez gainera, agirian jasotzen da Euskadiko Administrazioak TETRAra sartzeko aukera emango diola Udaltzaingoari, eta Donostiako Udala arduratuko dela komunikazio-ekipamenduak, hala nola talkieak eta igorgailuak, erosteaz eta mantentzeaz.

Euskadiko segurtasun publikoaren arloko agentzien arteko koordinazioan emandako beste urrats bat da. Izatez, Udaltzaingoa jada integratuta dago Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko larrialdien kudeaketa integralerako Euskarri sistema informatikoan. Plataforma horrek Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak (SOS Deiak) egiten duen koordinazio-lan operatiboari euskarria ematen dio.

ABANTAILA UGARI

Sistema honek hainbat hobekuntza aurreikusten ditu:

  • Irrati-igorgailu bitartez ahotsaren bidez komunikatzeko aukera ematen du.
  • Segurtasun-fitxategi jakin batzuen kontsulta automatizatua ahalbidetzen du.
  • Berehala izan dezakete ibilgailuei edo pertsonei buruzko alerten berri talkie baten edo irrati-igorgailu baten bidez.
  • Udaltzaingoak Estatuko Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren datu-baseetara sarbidea izatea aurreikusten da.
  • Hilero bidaltzea Donostian izandako istripuei buruzko estatistikak Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzara.