Herritar, marinel, xume baten historia ohikoa, edo akaso ez horren arrunta, dakart paperera, Angel Ituarte Txopitearena, Txitxarro goitizenez ere ezagutzen zutenarena. Umetatik itsasoak apurtzen lan egin eta itsasoan hil zena, etxetik milaka kilometrora.

Angel Lekeition jaio zen 1891ko abuztuaren 2an, Saturnino eta Maria izan zituen guraso eta gutxienez lau anai eta arreba bat izan zituen, bera neba-arreben artean bigarrena izan zen.

Arrantzalea eta arrantzale familiakoa, 15 urte zituela Bermeora aldatu zen eta handik denbora batera Pasaiara. Gipuzkoako herri honetan bikoteka arrantzan egiten zuten itsasontzietan ibili zen, harik eta aurreztu ahal izan zituen diru apurrekin eta beste arrantzale batzuekin batera baporea erosteko modua izan zuen arte eta harrezkero Bermeon ekin zion berriro ere arrantzuan.

Gerra hasi zenean, bere ideal abertzaleek bultzatuta, gudari modura ekiteko izena eman zuen, nahiz eta ordurako 45 urte izan, ezkonduta egon eta 6 seme-alabaren aita izan. Jaurlaritzak, itsasertza eta merkatal garraioa zaintzeko, itsas armada eratu zuenean, Ituarte Gipuzkoa boura destinatu zuten, kabo graduarekin, eta lan honetan ziharduela tokatu zitzaion parte hartzea Matxitxako lurmuturreko borrokan.

Juan Pardo San Gil historiagileak zioena jarraituz, 1937ko martxoaren 4an, eguna egin aurretik, Nabarra, Gipuzkoa, Donostia eta Bizkaya bouak, bakailaotan ibiltzeko eraikitako ontziak eta gerra piztu zenean itsas zaintzarako prestatutakoak, itsasoratu ziren Baionan hile bitik gora itxaroten zeramatzan Galdames merkatal itsasontziari Bilborainoko bidean eskolta emateko. Arratsaldeko 8etan irten zen Galdames Baionatik eta ordu betera bouekin batu zen itsasoan, bosten artean konboian Bilborainoko bidea egiteko. Galdamesen istriborrera jarri ziren Nabarra eta Donostia eta ababorrera Gipuzkoa eta Bizkaya. Iluntzean eguraldi eta itsas baldintzak asko okertu ziren, mendebaldeko haizea gogor jotzen hasi zen eta honekin batera euria eta txingorra ere hasi ziren, dena itsas handiarekin batera. Ilunpean, Galdames jarritako bidetik desbideratzen hasi zen itsas zabalerantz eta honekin batera Nabarra eta Donostia ere bai. Martxoaren 5ak argitu zuenean, beraien bidea aurretik aginduta bezala bete zuten Gipuzkoa eta Bizkayako marinelak konturatu ziren konboitik aldenduta zeudela, harritzekoa ez zena kontuan hartuta nabigazioa argi barik, irratia itzalita eta esandako eguraldi baldintzetan burutu ostean.

Orduan, aldendutako itsasontzien bila hasi ziren bou biok, Gipuzkoa Santoñaraino joz eta Bizkayak aurretik ibilitako bidean atzera eginda. Galdu zituzten itsasontziak aurkitu ez zituztenez, Bilborako bidea hartu zuten eta orduan izan zuten ezustea. Bilboko Abratik 20 milia iparrera Canarias gurutzontzi frankistaren parean suertatu ziren. Canarias Yorkbrook merkatal itsasontzia, Santander parean harrapatu ostean, eskoltatzen zihoan Pasaiara. Itsasontzi frankistak hasiera batean, 12.55ak aldera, Santoñatik Bilborantz zihoan Gipuzkoa bakarrik ikusi zuen, itsasertzetik 10 milia ingurura. Biak ala biak makina guztian, gurutzontzi frankista 6.000 metroraino bouari urreratu zitzaionean, 13.35etan, tiroka hasi zitzaion Gipuzkoari, baita honek berehala erantzun ere. Borroka hasi eta minutu gutxira Canariastik jaurtitako tiro batek bete-betean jo zuen Gipuzkoaren popako kanoian, bertan ziren artillero biak hil eta hainbat itsas gudari zaurituz. Hala eta guzti ere, brankako kanoiaz Gipuzkoak tiro egiten jarraitu zuen eta baita Canarias jo ere, hildako bat eta beste zauritu bat eraginez frankistei. 13.45etan Canariasetik jaurtitako tiro-segida batek berriz ere bete-betean jo zuen boua, oraingoan zubia. Suteaz gain, Gipuzkoan eragin zuen kaltea handia izan zen: bigarren ofiziala eta telegrafista hil eta hainbat itsas gudari zauritu ziren bertan, artean Manuel Galdos komandantea. Liburu batzuetan hildakoen artean ageri da une hartan leman ziharduen marinela, baina zauri handiak izan zituen arren ez zen orduan hil. Leman zihoana Angel Ituarte zen.

Galdos komandanteak

Noraezean boua, Galdos komandanteak, zauriak zauri, popako lemari heldu eta Galea lurmuturreko bateriaren babespean jartzea lortu zuen bere itsasontzia eta gurutzontzi frankistak norabidez aldatu behar izan zuen.

Gipuzkoa boua salbatu zen, baina ez zitzaion holakorik suertatu Nabarrari. Irratia itzalita, ontzi frankistaren berririk gabe, lasai zihoan Galdames, Donostia eta arrantzan aritu ostean etxerako bidea hartu zuten arrasteko beste ontzi birekin batera Bilboranzko bidean, berandu izan zenera arte. Canariasek, Nabarrari ekin aurretik, Galdames merkatal itsasontzia bahitzea lortu zuen eta abagunea probestuz, Donostiak berriz Yorkbrook harrapatu eta Bermeora desbideratzea lortu zuen. Orduan ekin zion gurutzontziak bakailaozalearen kontra. Azkenean, bien arteko alde handiegiak eraginda, Canariasek Nabarra menpean hartzea lortu zuen, baina ez aurretik borrokatu gabe, bouko Enrique Moreno komandanteak borroka hasi aurrean bere ofizialei agindu zien moduan.

Porrota izan zen itsas gudariek Matxitxakon jaso zutena, baina, nago, luzera egun hartako porrota hamaikatxo garaipen baino balio handiagokoa suerta zela.

Angel Ituarte eta gainerako zaurituak Iñaki Deuna erietxera, Algortan Nesken Lizeoa edo Jesusen Bihotza Lizeoa izandakora, eraman zituzten eta han artatu. Luzaroan egotea egokitu zitzaion Ituarteri erietxean eta ekainean oraindik sendatu gabe zegoen Getxo frankistek hartu zutenean.

Baina, Bilbok frankisten erasoari eusterik ez zuela-eta, Jaurlaritzak gudari zauritu eta elbarriak artatzeko Bidarten (Lapurdi) erietxe bat eratu zuen, denbora gutxi lehenagora arte luxuzko hotel bat izan zen eraikin batean, La Roseraie izenekoan. Haraxe aldatu zuten Ituarte harik eta, abuztuan, senda agiria eman ziotenera arte. Orduan, Iparraldean eta Frantzian lan egiteko modurik ez eta etxera itzultzeko frankisten beldurrez, Angelek Ingalaterrara bidea hartu zuen.

Erresuma Batuko portuetatik abiatuta Bilboko matrikulako hainbat itsasontzik ziharduten nabigazioan Errepublikak eta Jaurlaritzak sorturiko Mid Atlantic Shipping Company etxearen babespean. Litekeena da konpainia honetako itsasontziren batean aritzea Ituarte harik eta 1939ko apirilaren 1ean Espainiako gerra amaitu arte. Ordura arte Mid Atlanticen lanean ziharduten marinelen bizimodua latza izan bazen, ordutik aurrera ez zen batere erraztu. Erresuma Batuko gobernuak Mid Atlantic-ek zituen itsasontziak Bilbora itzultzeko agindu zuen, eta 300dik gora euskal marinel zerua goian eta lurra behean gelditu ziren, Trade Unions sindikatu britainiarren laguntzarekin bakarrik.

Mid Atlantic-eko arduradun zen Marino Gamboak konpainia hau desegin zenean, Elias Esnarrizagarekin batera, arrantzan aritzeko enpresa bat sortu zuen, Pair Fishing Company, Milford Havenen (Gales). Ez zen euskal arrantza-enpresa bakarra izan Pair Fishing. Garai hartakoa da Don Trawling Company, Milford Havenekoa hau ere, izen hori zeramana bere lehen itsasontzi biak, bata, Don Quijote eta, bestea, Don Juan zirelako.

1939an gerra amaitu zenean, Angel Ituarte lanik gabe geratu zenean, hain zuzen, Don Trawling konpainiako arrantza ontzietan ibili zen, ahal izan zuen modura, baina ez ondo nonbait. Badirudi, gainera, Erresuma Batuan ere ospitaleratu egin behar izan zutela. Edozein modutan, suerteko ere izan zen Ituarte. Izan ere, Milford Havenen Elias Esnarrizagak Don Trawlingeko marinel hari lekua egin baitzion bere konpainia berrian eta marinel hutsa izatetik patroi lanetan jarri.

Esnarrizgarentzat konfiantzazko gizona zela ezagun da. Hain zuzen ere, garai hartan, 1940-1941 urteetan, Erresuma Batuaren zoria II. Mundu Gerran ez zen batere ziurra: Frantzia Alemaniaren esku, Europa kontinental ia osoa eskuineko diktaduren pean, Sobiet Batasuna Hitlerrekin tratuetan, AEBak gerran sartu barik eta Espainia Alemaniaren eta Italiaren ondoan gerran hasteko irrikan. Guzti horren aurrean Erresuma Batua bakarrik naziei aurre egiten. Esnarrizaga ez zen batere fio Espainiak Ardatzaren hautua egin eta Erresuma Batuaren kontra gerran sartuz gero zer gertatuko zen bere konpainian ari ziren arrantzale atzerritarrekin, eta Jaurlaritzak Londresen zuen ordezkaritzara idatzi zuen 1941eko ekainean eskatuz jotzeko jo beharreko ateak guztiak Franco II. Mundu Gerran sartuz geroan sortu zitezkeen errepresalietatik babesteko bere marinelak. Gutxienez kartan jarri zituen zortzi gizonak, hauen artean zegoen Angel Ituarte bigarren patroia.

Baina zorte onak ez zion luzaroan iraun gure arrantzaleari. Uztailaren 6an, Pair Fishing-go patroi lanetan hirugarren marea betetzen ari zela, arrantzan ziharduela, kolpe handia izan zuen lemaren kontra paparrean eta bertan hil zen. Istripua Irlandako mendebaldean izan zuen, Arango irletan, Kilronan herriaren parean.

Ituarteren heriotzaren gertaeren gaineko beste bertsio bat ere aurkitu dut, Daniel Arasarena, heroikoagoa akaso, baina akats nabarmen bat baino gehiago erakusten duena. Bigarren bertsio honetan esaten da 19 urteko mutil gazte ondarrutar bat, Angel Iturte (sic) Txopitea izenekoa, hegazkin alemaniar batek Pair Fishing-go arratzontzi baten kontra gorago aipaturiko Irlandako kostan buruturiko eraso batean metrailaturik hil zela. Ni lehenengo bertsioak egiatik gehiago duelakoan nago. Izan ere, bigarrenak akats handiak izateaz gain, lehenengoaren alde esan behar da lekuko zuzenek Ituarteren heriotza izan zen unean bertan kontatutakoetan oinarrituta dagoela, hain zuzen Elias Esnarrizaga, armadorea, eta Angel Gondra, Mundakako semea eta Jaurlaritzaren Londresko ordezkaritzako idazkariaren arteko korrespondentzian.

Esnarrizagak istripua izan eta berehala idatzi zion Bonifacia Monasterio alargunari gertatutakoaren berri emanez. Alargunak laguntza eskatu zion armadoreari, baina honek Gondrari esan zion bezala, arazoak zituen. Ituarte diabetikoa zen eta istripuak koma diabetikoa eragin zion hil aurretik eta aseguru konpainiek horri heltzen zioten nonbait istripuz barik Angel gaixotasunez hil zela esateko. Ez dakigu zelan amaitu zen seguruaren kontua, baina Bermeon alarguna eta sei seme-alaba, bost adin txikiak, zurtz geratu ziren.

Esnarrizagak eta Gondrak ez zuten beste barik Irlandako herri txiki bateko hilerrian ahaztuta utzi nahi izan Angel Ituarte Txopitearen gorpua eta, armadoreak Galwayko hargin bati hilobian jartzeko hilarri berezi bat eskatu zion, bertan idatzita jartzeko: 1941'ko Garagarrillaren 6'gn Delhi arrantza-ontzijan ituarte eta txopitea'tar gotzon il zan Euzkadi bere Aberri mattetasunez gauza gustiak itxi ebazan, aiderik kutunenak be, baina donokijan berraurkituko dauz. Goyan bego.

Gondrak, berriz, Esnarrizagak emandako informazioarekin, Buenos Airesko Euzko Deyan, garai hartan euskal kazeta demokratiko bakarra, argitaratzeko obituario bat idatzi zuen. Ez zen, ez, ahazteko moduko bizitza izan Angel Ituarte Txopitea, Txitxarro, marinel arruntaren bizia.

Historian lizentziatua. Sabino Arana Fundazioko Abertzaletasunaren Agiritegiko teknikaria.