GASTEIZ. Gazteek beren bizitza-proiektua Gasteizen garatzeko aukera izan dezaten helburu duen 'Erronka: Gazteak' izeneko programa abiarazi egin du Gasteizko Udalak. Horretarako, hurrengo ekitaldian bideratu beharreko 32 ekintza identifikatu ditu Udalak, inplikatutako agenteekin eta gazteekin batera.

"Pandemiaren ondorengo egoera ekonomikoak, lan-merkatuaren bilakaerak eta covid-19ak hezkuntzaren esparruan izan duen eraginak errealitate berri bat ekarri digute, zeinari hiriko gazteek aurre egin beharko baitiote. Irtenbideak eskaini behar dizkiegu. Diagnostiko bat dugu, eta 30 ekintzatik gora garatzeko, hau da, lan asko dugu aurretik. Baina ziur gaude krisi honetatik ateratzeko modua berritzailea izango dela, partaidetza bidezkoa, zeharkakoa, eta Gasteizko gazteek gidatua", azaldu du Gazteria zinegotzi Miren Fernández de Landak.

Logikoa denez, Udalak gazteriaren alorrerako zituen planak aldarazi ditu pandemiak. Izan ere, 2020an V. Gazte Plana diseinatzekotan ziren, hiru urterako, baina covid-19aren agerpenak estrategiaren norabidea aldatzea ekarri du. Erantzun urgentea eman behar zen, eta malgutasunez eta azkar jokatu dugu", azaldu du zinegotziak.

Hori dela eta, Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuarentzat gazte plan berri hau lantzea lehentasunezko lana izan da osasun krisialdiaren hasieratik. Diseinu horretan, udal teknikariez gain, elkarteetako agenteek eta ordezkari politikoek parte hartu dute. Ahalegin bateratu horren emaitza da 'Erronka: Gazteak' izeneko gazte plan berezia. Garapen iraunkorreko helburuak gogoan, 32 ekintza jasotzen ditu, 13 arlotan banatuta, besteak beste, enplegua, etxebizitza, prestakuntza, osasuna, ekitatea, sorkuntza, mugikortasuna edo euskara. Denboran mugatutako plana da, malgutasun handikoa eta beharrei egokitua.

'Erronka: Gazteak' planak urtebeteko indarraldia izango du, 2020ko amaieratik 2021 bukatu arte. Hartara, errazago moldatu ahalko da etengabeko aldaketez eta ziurgabetasunez betetako egoera honetara, unean-unekoa, arina eta malgua izatea baita helburua.