Azaroaren 9an

Errektorea aukeratzeko prozesua hasi du Euskal Herriko Unibertsitateak

10.11.2020 | 18:11
Euskal Herriko Unibertsitateak errektorea aukeratzeko kanpaina hasi du.

BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea izateko kanpainak hautagai bakarra izango du: Eva Ferreira. Hauteskunde kanpaina astelehenean, hilak 9, hasi da, eta Ekonomia Aplikatuko katedraduna izango da hautagai bakarra.

Ezarritako egutegiaren arabera, joan den azaroaren 4an, hautagaitzen behin-behineko aldarrikapena egin zen, eta gaur bertan, goizeko 10:00etan, haiek aurkaratzeko epea amaitu da. Beraz, hauteskunde egutegiak beste pausu bat emango du gaur, hautagaitzak behin betiko aldarrikatuta eta azaroaren 23ko amaituko kanpainari hasiera formala emanda. Era berean, unibertsitateak datorren azaroaren 12an Ezohiko Klaustro bat egingo du, Bizkaia Aretoan. Pandemiak sortutako egoera bereziak direla eta, kanpainaren ekimen asko modu ez-presentzialean egitea aurreikusten da. Era berean, Klaustroko kideek modu presentzialean edo telematikoan parte hartuko dute bileran. Hautagaiak organo horren aurrean aurkeztuko du bere gobernu programa, bertan unibertsitateko sektore guztiak baitaude ordezkatuta.

Garrantzitsua da azpimarratzea zer neurri hartu diren kanpaina zuzen garatzeko, aparteko egoera batean egingo dela kontuan hartuta. Laneko Arriskuen Prebentzio Zerbitzuak beharrezkoak diren protokoloak jarri ditu martxan, kanpainan osasun berme gorena ziurtatuko duten babes, segurtasun eta osasun neurriekin egin dadin.

BOTOA ALDEZ AURRETIK EMATEA ETA HAUTESKUNDE EGUNA

Gogoratu behar dugu hauteskunde prozesu honetan garrantzi berezia izango duela "botoa aldez aurretik emateko" prozedurak, zeina jasota baitago unibertsitatearen estatutu arauetan. Pandemia egoera dela eta, botoa aldez aurretik emateko epea luzatu da, hauteskunde kanpainak irauten duen bitartean. Hala, kanpainan (azaroaren 9tik 23ra) unibertsitate kolektibo guztietako kideek (ikasleak, administrazio eta zerbitzuetako langileak, eta irakasle-ikertzaileak) botoa aldez aurretik emateko aukera izango dute, Nortasun Agiri Nazionalaren kopia bat erakutsita, unibertsitate erakundearen eraikin, fakultate edo eskola bakoitzean egokituko den bulego edo espazio batean. Horren bidez, boto eskubidea erraztu nahi da, pandemia dela eta jarduera presentzialari ezarri zaizkion muga logikoez harago, eta jende pilaketak saihestu nahi dira bozketa egunean. Hauteskunde egunean, azaroaren 26an, hautetsontziak irekita egongo dira 09:00etatik 18:00etara. Behin itxita, kanpainan zehar utzitako botoak sartuko dira barruan, eta zenbatzen hasiko dira.

BOTO HAZTATUA

Unibertsitateko kide guztiek boto eskubidea dute, baina ezarritako sistema boto haztatuan sortzen da; hortaz, bozketaren azken emaitza ehunekoen arabera zehazten da. Botoak kolektibo bakoitzerako aurreikusitako sektoreari atxikiko zaizkio, UPV/EHUren hauteskunde araudian ezarritako baremo honen arabera:

  • Irakasle doktore iraunkorra: % 56,25
  • Irakasle doktore ez-iraunkorra: % 7,50
  • Gainerako irakasle-ikertzaileak: % 2,09
  • Ikasleak: % 22,08
  • Administrazio eta zerbitzuetako langileak: % 12,08

Hautagaitza bakarra aurkezten denean, oraingoan bezala, aukeraketa itzuli bakarrean erabakiko da. Hautesleek aurkeztutako hautagaitza bozkatu, edo boto zuria eman dezakete. Hautagaia errektorea izan dadin, aldeko botoen heren bat lortu beharko du gutxienez, ezarritako ehunekoen araberako botoen haztapena egin ondoren.

EVA FERREIRA, ERREKTORERAKO HAUTAGAI

Eva Ferreira García, hauteskunde hauetako hautagai bakarra, Barakaldon jaio zen. Matematikako lizentziaduna da UPV/EHUn, Probabilitate eta Estatistika Maser bat egina du New Yorkeko Unibertsitatean (NYU) eta Ekonomian doktorea da. 2005. urteaz geroztik, Ekonomia Aplikatuko katedraduna da.

Haren oinarrizko ikerketa ildoak probabilitate eta estatistika metodoak dira, eta aplikazioak dituzte hainbat arlotan, hala nola medikamenduen efektuen analisia medikuntzan, arrisku sistemikoaren ebaluazioa finantzetan edo aukeraketa alborapenaren eragina kristalezko sabaian.

Irakasle gonbidatu gisa egonaldiak egin ditu hainbat unibertsitatetan: Bath, Giessen edo Friburgon, eta konferentziak eman ditu ere Sao Paulon, Louisianan, eta Indiako Ahmedabadeko Unibertsitatean. Bost doktorego tesi zuzendu ditu, tartean nazioartekoak eta euskaraz egindakoak.

Kudeaketaren arloan, UPV/EHUko Ekonomia Gaien eta Antolakuntza Akademikoaren arloko errektoreordea izan zen (2004-2008), eta erakunde beraren idazkari nagusia (2009-2012). Era berean, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziako zuzendaria izan da (Unibasq, 2015-2019).