Atzo aurtengo Ibilaldiari agur esan zioten Elorrioko Txintxirri Ikastolako gazteek. Edizio bitxia izanda ere, jaialdiak merezi duen itxiera bat emateko asmoa zuten, eta horrela egin zuten. Goizeko hamaiketan hasita, pare bat orduz bertsolari gazteak, magia, musika eta dantza izan ziren protagonista ikastetxean, “irribarre batekin eta giro onean agur esateko egin ezin izan dugun Ibilaldiari”, adierazi zuten idatzi batean antolatzaileek. Aldi berean, “bide luzea egin du Ibilaldi honek iaztik hona”, eta “arduraz” jokatu dutela esan zuten.

Ibilaldia 2020 maiatzaren 31an ospatu behar izan zen Hel horri!, baina koronabirusaren krisialdia dela eta, data berri bat jartzea erabaki zuten Ikastolen elkarteko kideek. Urriaren 18an, hau da, atzo, milaka lagun gazte bildu behar ziren urteroko hitzordu horretan. Zoritxarrez, erabakia oso zaila izanda, ezin izan da ospatu urtero lez.

Dena den, edizio honi amaiera emateko, hainbat gazte batu ziren ikastetxean. Ikusle kopurua mugatuta zegoen eta aurretik izena eman behar zen galdetegi baten bidez. Ikuskizunera aldez aurretik sartu ziren, apurka-apurka eta distantzia mantenduz. “Ez da erabateko agurra izan, dakizuen moduan, Ibilaldia bezala, Kilometroak, Nafarroa Oinez, Araba Euskaraz eta Herri Urrats jaialdiak ere bertan behera gelditu dira”. Bestalde, Euskal Herriko Ikastola guztiak herritik eta herrirako sortu zirela gogoan izanda, Ikastolak Herriari izena duen jaialdian guztiek bat egin dutela jakinarazi zuten. Azaroaren 13an izango da, Donostiako Kursaalean.