DONOSTIA. Hemen da Donostiako Udalak antolatutako 'Tokiko Produktuarekin Konprometitutako' sarien hirugarren edizioa. Zabalik dago dagoeneko sariketa honetarako hautagaitzak aurkezteko epea.

Helburua da publikoki aintzatestea hiriko ostalaritza-establezimenduak eta saltokiak, baldin eta beren enpresa-jardueran hobeto integratzen badute tokiko nekazaritzako elikagaien produktua, eta aintzatespena Donostiako nekazaritzako elikagaien ekoizleei.

Marisol Garmendia Bultzada Ekonomikoko zinegotziaren esanetan, "sari batzuen hirugarren edizioa da aurtengoa, eta sari horiekin Donostiako establezimenduek bertako produktuaren alde egiten duten lan garrantzitsua aitortzen dugu. Administrazioak tokiko produktua sustatzeko politikak jartzen ditu abian, baina ekimen partikular eta indibidualik gabe ez genuke lortuko azken kontsumitzailearengana hain sakon iristea".

Konpromisoa baloratzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: tokiko produktuak produktuen eta zerbitzuen eskaintzan duen presentzia, tokiko produktua oinarri duten sustapen-, komunikazio- eta marketin-ekintzak eta nekazaritzako elikagaien tokiko produktua eta ekoizleak aintzatesteko egiten diren ekintza guztiak. Bi kategoria egongo dira, establezimenduaren arabera: ostalaritza eta merkataritza.

IZEN-EMATEA ZABALIK

Hautagaitzak aurkezteko epea 2020ko urriaren 8an hasi eta 2020ko urriaren 25ean amaituko da, 13: 00etan. Bi kategorietako batean parte hartzeko, Donostiako establezimendu baten ordezkari den edozein pertsona juridikok edo fisikok aurkezteko inprimakia entregatu behar du, helbide honetan:

  • Donostiako Sustapenaren publikoarentzako arreta-bulegoak, Erregina Erregentearen kalea 9 - Victoria Eugenia eraikina.
  • Emaila: fomentoss@donostia.eus

BI SARI KATEGORIA BAKOITZEKO

Kategoria bakoitzeko sariak honako hauek izango dira:

  • 500 euroko balioa duen erosketa-txartela Donostiako Sustapeneko Guztiona klusterreko enpresetan.
  • Plaka pertsonalizatua, establezimenduaren izena eta irabazlea zein modalitatetan izan den adierazten duena.