GASTEIZ. Martxoaren erdialdean koronabirusaren pandemia dela eta alarma estatua ezarri zenetik erabat itxita egon eta gero, bihar, irailak 7, astelehena, Gasteizko Montehermoso kulturguneko dokumentazio-zentroa edo medioteka bere ateak irekiko ditu berriro. Hori bai, sei hilabete luzez itxita egon ondoren, ordutegi berria estreinatuko du: 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara irekiko da, jaiegunetan izan ezik, hain zuzen ere.

"Neurri honekin, Gasteizko kultur ekipamendu horrek aktibo mantenduko ditu bere espazio guztiak, herritarren segurtasuna bermatzen duten protokoloak betetzen direlarik, hori baita gure lehentasuna, pandemiaren kudeaketan", adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok.

Bertara sartzen direnek maskara eraman beharko dute, eta gel hidroalkoholikoa erabili. Barruan, segurtasun-distantzia mantendu beharko dute, eta beren gauzak aldean eraman, uneoro.

Aretoko langileei eskatu beharko dizkiete erabiltzaileek nahi dituzten dokumentuak (liburuak, aldizkariak, dvd-ak€), aretoan kontsultatzeko nahiz mailegatzeko izan.

Maileguan utzitako materialak sarrerako kutxa batean utzi beharko dira itzultzean, koarentena pasa dezaten.

Erabilera publikoko ordenagailuak erabiltzeko, liburutegiko txartela erakutsiz identifikatu beharko dute beren burua erabiltzaileek, eta, bukatzean, ekipoa itzali eta lekua libre geratu dela jakinarazi.

Ireki aurretik garbitu egingo da mediateka, aldiko. Txanda batean leku bat libre geratzen bada, eta beste erabiltzaile batek hartu nahi badu, desinfektatzailea izango du eskura, garbitzeko. Inprimaketa-zerbitzua etenda egongo da oraingoz.