EIBAR. Eibarko Udalaren Garapen Ekonomikorako Sailak 20.000 euroko aurrekontua bideratuko du herriko enpresak lekuz aldatzeko edota daukaten lokala handitu zein eguneratzeko. Programa honen helburua herriko enpresa-jarduera eta enplegu-sustapena sustatzea da.

Dirulaguntza hauek jaso ahal izateko, laguntza eskatzen duten enpresek baldintza batzuk bete beharko dituzte, hala nola enpresa-jarduerak egoitza soziala eta fiskala Eibarren izatea, udal jarduerako lizentziei buruz indarrean dagoen araudia betetzea, enpresaren instalazioak Eibarko udalerri barruan lekualdatu edo handitu izana, edo 2020ko urtarrilaren 1etik Eibarrera etorri izana. Ekonomia Jardueren Zergan alta emanda egon beharko du 2019ko urtarrilaren 1a baino lehen.

Dirulaguntzak eskuratzeko eskaera egiteko epea zabalik dago eta azaroaren 2an amaituko. Eskaerak elektronikoki egin behar dira Udalaren www.eibar.eus webguneko "Bekak, dirulaguntzak eta laguntzak" izeneko ataletik. Eskaerarekin batera, deialdian zehazten diren agiriak ekarri behar dira.

Diruz lagundu daitezkeen gastuak hauek izango dira: lekualdatzeko edo handitzeko/eguneratzeko behar den aholkularitza-gastuari dagozkionak (aholkularitza fiskala, lan arlokoa, kontabilitatekoa, teknikoa, juridikoa edo administratiboa); jarduera ekonomikorako lokalak erosteko inbertsioari dagozkionak; lokala eraberritzeko eta egokitzeko obrari dagozkionak; edo instalazio teknikoetan, makinerian, tresnerian, altzarietan, informazio-prozesuetarako ekipoetan edo aplikazio informatikoetan egindako inbertsioetakoak.

Udalak emango duen dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen gastuen % 90 izango da, gehienez ere 5.000 €. Industria-enpresen kasuan, diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa 10.000 eurokoa izango da. 2021eko azaroaren 19an amaituko da dirulaguntzaren xedea bete dela eta jasotako funtsak erabili direla justifikatzeko epea.

Dirulaguntza hauek eskuratzeko aukeratik kanpo geratzen dira hauek: gehieneko partaidetza publikoa duten enpresak, sozietate publikoak, zuzenbide publikoko entitateak eta diru irabazi asmo bariko fundazioak eta elkarteak. Ostera, laguntza hauek eskuratzeko aukera dute Eusko Jaurlaritzak laneratze-enpresatzat kalifikatutzat dituenak eta laneratze-enpresen erregistroan inskribatutakoak, baldin eta sortu berriak badira.

Dirulaguntza honela ordainduko da: dirulaguntza emateko ebazpen-egunean, dirulaguntzaren zenbatekoaren % 75 ordainduko da, gehienez, gastuak eta gastu-ordainketak zenbateko horretara iritsi arte justifikatu badira; eta gainerako % 25a, % 100a justifikatu ondoren, gastua lehenago justifikatu ez bada, betiere.

Esandako betekizunez gain, erakunde onuradunek dituzten betebeharren artean hauxe dago: enpresak gutxienez 12 hilabetez altan egon beharko duela lekualdatu edo handitu/eguneratu zenetik, salbu eta arrazoi objektibo eta justifikatuengatik enpresa aldez aurretik ixtea justifikatzen bada. Era berean, emandako laguntzei buruz Udalak bere zereginetan diharduela eskatzen dien informazio guztia eman beharko dute.