BILBO. Hastear dagoen 2020-2021 ikasturtetik aurrera, Mondragon Unibertsitateak 27 prestakuntza-titulu eskainiko ditu Bilbon. Horien artean 5 gradu, 4 unibertsitate-master, titulu propioko 7 master eta profesionalentzako 11 ikastaro, batik bat.

Bestalde, datorren ikasturtetik aurrera, Zorrotzaurreko AS-FABRIK espazio berria gehituko dio Mondragon Unibertsitateak gaur egun Bilbao Berrikuntza Faktorian duena presentziari eta Merkataritza Ganberarekin duen lankidetzari. Espazio hori 2021ean egongo da erabilgarri; bitartean, AS-FABRIKerako aurreikusitako ikasketak Bilbao Berrikuntza Faktorian eta Zabalguneko eraikinean emango dira.

Zehazki, titulu berri hauek emango ditu unibertsitateak Bizkaian: Ingeniaritza Mekatronikoa Gradu duala (unibertsitateak Bizkaian duen lehen ingeniaritza-gradua), Humanitate Digital Globalak Gradua eta hainbat unibertsitate-master —Marketin Digitala, Erakundeen Nazioartekotzea, Pertsonen Talentuaren Kudeaketa Estrategikoa (MTalenta), Ikaskuntza Erraztea eta Salmentak, Bezeroak eta Digitalizazioa titulu propioko masterra—. Zorrotzaurreko eskaintza osatzeko, unibertsitateak lehendik Bilbon (Bilbao Berrikuntza Faktorian) ematen zituen beste 3 titulu eramango ditu Zorrotzaurrera, 2021eko urtarrilean: Business Data Analytics Gradua, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza Gradua eta MBA Executive GECEM Masterra. Horiez gain, beste gradu, unibertsitate-master eta titulu propio batzuk Bilbao Berrikuntza Faktorian ematen jarraituko du unibertsitateak, hala nola Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Gradua (LEINN).

Eskaintza berritzailea eta praktikoa da, oso egokitua enpresen eta gizartearen etorkizuneko eraldaketetara eta benetako premietara, eta merkatuak behar dituen profil berritzaileetako profesionalak trebatzea du helburu.

MONDRAGON UNIBERTSITATEA BILBON

Mondragon Unibertsitateak 2009. urtean ekin zion Bilboko jarduerari, Bilboko Merkataritza Ganberarekin elkarlanean, eta Master Executive bat eman zuen. Hamaika urte geroago, bi erakundeen arteko lankidetza sendotu egin da, eta titulu gehiago eskaintzen dituzte. Nolanahi ere, Mondragon Unibertsitatea 2013an finkatu zen Bilbon, Bilboko Udalarekin batera hiri-campusaren kontzeptu berria martxan jarri zuenean: Bilbao Berrikuntza Faktoria, ikasketa, berrikuntza eta ekintzailetza barne hartzen dituen ekosistema. Espazio berean eta modu integralean bat egiten dute, bertan, unibertsitate-prestakuntzak eta enpresa-ekimenak bultzatzen dituen pertsonen komunitate batek, enpresa-proiektu berriak aurrera eramaten naturaltasunez elkarlanean diharduenak. Orain, berriz ere Bilboko Udalaren eskutik eta AS-FABRIK europar proiektuaren bidez, Mondragon Unibertsitateak Bilbon duen presentzia gune berri batera zabalduko da. Bertan, hainbat ekimen gauzatuko dira zenbait arlotan: gauzen Interneta, zerbitzu aurreratuak, datuen analisia, zibersegurtasuna, enpresen zuzendaritza, ingeniaritza eta abar.

ESKAINTZA BERRIA BILBON

Bilboko datorren ikasturterako gradu-eskaintzari dagokionez, Mondragon Unibertsitateak 2 titulu berri eskainiko ditu —AS FABRIK campuseko katalogoan daude biak—: Ingeniaritza Mekatronikoa Gradu duala eta Humanitate Digital Globalak Gradua. Mondragon Unibertsitateak Bilbon abian jarri duen lehen ingeniaritza-gradua da Mekatronikakoa, eta Somorrostro Prestakuntza Zentroarekin elkarlanean emango du.

Horrela, lanbide-heziketaren eta unibertsitatearen arteko lankidetza bultzatuko dute bi erakundeek. Horixe da, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren Euskal Unibertsitate Sistemaren 2019-2022 aldirako Planaren ardatz estrategikoetako bat. Mondragon Unibertsitatea estatu-mailako erreferentzia da lankidetza horretan. Ingeniaritza Mekatronikoa Gradua 2017-2018 ikasturtetik eskaintzen du Mondragon Unibertsitateak Euskadin. Titulazio berean, orain arte bereizita zeuden baina enpresen beharrei erantzuten dieten 3 ezagutza-arlo hartzen ditu barne: mekanika, elektronika eta automatizazioa. Prestakuntza horrek 4.0 Industriaren prestakuntza-premia garrantzitsuari erantzuten dio Euskadin.

Era berean, Bilbon bakarrik emango den gradu berri bat kokatuko da Zorrotzaurren: Humanitate Digital Globalak Gradua. Hirueleduna eta presentziala izango da, eta 40 ikaslerentzako lekua eskainiko du. Gradu horretako ikasleek ezagutza sakona lortuko dute gertaera sozialei eta erronka globalei buruz. Horretarako, diziplinarteko moduluetan egingo dute lan eta autoezaguntza eta gizarte digital globaletako funtsezko trebetasunak landuko dituzte, hala nola erresilientzia, pentsamendu kritikoa, sormena, gizarte-eraldaketa eta komunikazioa.