GASTEIZ. Gaur goizean, hilak 27, osteguna, Gasteizko Udaleko Kontingentzia Planaren koordinazio-mahaak pandemiaren agerraldien aurrean erantzuteko neurriak aztertzeko bilera ospatu egin dute.

Arloetako koordinatzaileak, Kontingentzia Planaren estrategian inplikatutako sailetako zinegotziak eta Osasun Publikoko zuzendaritzak parte hartu dute Gorka Urtaran alkateak deitutako bilera horretan. "Lanean dihardu Udalak, koronabirusaren transmisioa prebenitzera bideratutako neurriak bultzatzeko, kutsatzea eta arrisku-egoerak ekiditeko eta hiriaren garapen ekonomiko eta sozialean oreka bilatzeko, bereziki ostalaritzari dagokionez. Gainera, irailetik aurrera —jendea lanera eta ikastetxeetara itzultzen delarik— izango dugun egoerara egokitzera bideratuta daude neurriak", azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

HAINBAT GAI LANDU DIRA BILERAN

Udal-igerilekuetako ordutegi-kontrola: Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren 2020ko abuztuaren 19ko Aginduak ezartzen du pertsona bakoitzak gehienez hiru ordu egin ahalko dituela igerilekuan. Herritarren udal txartelen kontrolean oinarrituta, herritarren gehienek osasuna babesteko neurri hori betetzen dutela egiaztatu ahal izan du Udalak. Hiru ordu egin aurretik ateratzen dira erabiltzaileen % 75 bertatik, eta % 20 atzerapen txiki eta ulergarri batekin. Hala ere, % 5ek ez dute jarraibidea errespetatzen. Ohartarazi egingo zaie pertsona horiei lehenik, eta, neurriak ez betetzen jarraitzen badute, isuna jarriko.

3. motako lizentzia duten ostalaritza-establezimenduak: Gaur egun, 3. motako lizentzia duten lokalek —pubek eta gaueko lokalek— ezin dituzte ateak ireki, eta zerbitzua eman, Eusko Jaurlaritzaren abuztuaren 19ko agindua dela eta. Hala ere, eta sektorearen eskabideak aintzat hartuta, Udalak egokitzat jotzen du orain arte 2. motako lizentziei atxikitako jarduerak —pintxoak, kafea eta eguneko edariak zerbitzatzea— egiten zituzten kategoria horretako establezimenduek eguneko ordutegian zeregin horiek bakarrik egiten jarraitu ahal izatea. Hortaz, hori ahalbidetuko duen formula juridikorik onena zein den aztertzen ari da Udala.

Garraio publikoa: Uztailean eta abuztuan hiriko garraio publikoa erabili duten erabiltzaileen kopurua % 50 ingurukoa izan da, aurreko urteekin alderatuta. Nolanahi ere, TUVISA prestatzen ari da, hurrengo asteetan Gasteizen jarduerak gora egingo duela uste izatekoa baita. Horregatik, irailaren 14rako ohiko maiztasun gehienak berreskuratzea aurreikusten du, gehien erabiltzen diren lineetako 10 minutuan behingo maiztasuna barne.

Telelanaren arloko neurriak: Telelana egiteko agindua luzatzea ere erabaki du udal gobernuak, gaur egun modalitate horretan diharduten 1000 inguru udal langilek egoera horretan jarraitzeko aukera izan dezaten. Pantailak eta bestelako babes-sistemak ere ezarri dira udal bulego eta instalazioetan.

Covid-19. Salaketak: Abuztuaren 19tik, 97 salaketa egin ditu Udaltzaingoak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Covid-19ari aurre egiteko ezarritako segurtasun- eta osasun-neurriak ez betetzeagatik. Euskadin alerta sanitarioa berriro aktibatu ondoren egindako isun-proposamenak dira. Salaketa horietatik, 55 maskara ez eramateagatik izan dira; 13 maskara modu desegokian erabiltzeagatik; 9 gazte-lonjetan eta antzekoetan egoteko debekuari entzungor egiteagatik; 8 botiloia egiteagatik, eta 12 beste arrazoiren batengatik.

Ostalaritzaren arloan, 60 isun inguru tramitatu dira deseskalada hasi zenetik, mahaitxoen ordenantza urratzeagatik: % 40, lizentziarik gabe jarduteagatik, eta gainerakoak, berriz, ostalaritza-establezimenduaren baimenean ageri direnak baino mahai gehiago jartzeagatik.

Kontingentzia Plana koordinatzeko mahaia da planean aurreikusitako organo operatibo gorena, eta egungo egoera aztertzea eta Covid-19aren hedapena geldiarazteko neurri berriak ezartzen jarraitzea izan du helburu gaur goizeko bilerak. Bost eremu operatibo handi definitzen ditu Gasteizko Udalaren Kontingentzia Planak: gizarte-zerbitzuak; herritarrentzako instalazioak eta zerbitzuak; espazio publikoa; garraioa eta herritarren segurtasuna, eta baliabideak eta komunikazioa. Hurrengo egunotan, sektore operatibo bakoitzeko batzorde teknikoen bilerak egingo dira berriro.