DONOSTIA. Hurrengo asteartean, irailaren 1ean, ireki egingo da Donostiako langabeei bideratutako doako euskara ikastaroetan izena emateko epea. Interesatuak irailaren 22ra arte inskribatu ahal izango dira.

Ekimen honek bi helburu ditu: alde batetik, euskalduntzea indartzea, eta bestetik, egoera ekonomiko eskasenean daudenei euskara ikasteko aukera ematea.

Jon Insausti Kultura eta Euskara zinegotzi delegatuak adierazi duenez, "Euskalgintzan behar handiena duten pertsonei lagundu eta erraztasunak eman behar zaizkiela uste dugu. Gure ustez, langabezian dauden pertsonek lan-aukera gehiago izango dituzte euskara ikasten badute ".

2019an 110 pertsonak parte hartu zuten ikastaro horietan eta balantzea benetan positiboa izan zen. Jon Insaustik azaldu duenez, "Pertsona horien % 25ek euskara ikasten jarraitu zuten gero euskaltegietan, eta horrek erakusten digu motibazio handia zutela euskalduntze prozesuan aurrera egiten jarraitzeko".

BETEKIZUNAK ETA IZENA EMATEKO MODUA

Ikastaroen hasiera urriaren 9an izango da, abenduaren 4an amaitzeko, eta nahitaezkoa izango da langabezian egotea irailaren 1ean, Donostian erroldatuta egotea eta 18 urte izatea.

Behin baldintzak beteta, izen-ematea hiriko edozein euskaltegi homologatutan edo Donostiako Udalaren webgunean Donostia.eus egingo da. Gogoan izan izena eman ondoren eskoletara joatea derrigorrezkoa dela. Izena emateko epea irailaren 1etik 22ra egongo da zabalik.

Ikastaroek 120 irakastordu izango dituzte, egunean hiru ordu, astelehenetik ostiralera, goizeko 10: 30etik eguerdiko 13: 45era (ordu laurdeneko atsedenaldiarekin).