Udaltzaingoak eta Ertzaintzak

Etxebizitzetan lapurretak prebenitzeko aholku-dekalogo bat argitaratu du Gasteizek

11.08.2020 | 19:35

GASTEIZ. Uda garaian lapurretak areagotu egin ohi dira. Jendeak denbora gutxiago ematen du etxean eta gaizkileek aprobetxatu egiten dute horietan lapurtzeko. Hori dela eta, Gasteizko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak etxebizitzetan lapurretak prebenitzeko kanpainaren barruan dekalogo bat argitaratu dute. Triptiko bat da, gaztelaniaz zein euskaraz argitaratutakoa. Bi kidegoen polizia-etxeetan eta herritarrentzako arreta duten udal eraikinetan banatuko dira, eta sare sozialetan ere zabalduko da.

"Zentzuzko kontseiluen dekalogoa da, urteko edozein garaitarako aproposa, eta horien artean auzokoen laguntzak duen garrantzia nabarmentzen da, lapurretak zigorrik gabe gera ez daitezen; oporren xehetasunak sare sozialetan kontatzearen arriskuaz ere ohartarazten da. Kanpora joateko asmoaz zenbat eta pista gutxiago eman, hobe. Alor honetan ere, funtsezkoa da prebentzioa", azaldu du Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Marian Gutiérrezek.

Itxialdian ez zen lapurretarik izan, eta uztaileko datuak ere azken urteetako kopuruak baino askoz txikiagoak dira. Hala ere, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak neurriak hartzen jarraitzeko eskatzen dute. Besteak beste, aholku hauek ematen ditu kanpainak lapurreten prebentziorako: etxetik irteten den guztietan atea giltzaz ixtea, etxebizitza hutsik dagoelako pistarik ez ematea, eta hori adierazten duten kanpoko seinaleak ahalik eta gutxienak izatea.

Sarreran ate ona instalatzea ere oso lagungarria izan daiteke lapurrak sartzea eragozteko. Orobat, segurtasun-kutxa izatea gomendatzen da, objektu baliotsuen inbentarioa eta argazkiak egitea, eskudirurik ez gordetzea eta kreditu-txartelekin batera gakoak ez idaztea.

Herritarren laguntza ere eskatzen dute triptikoek, eta etxebizitzaren batean mugimendu, zarata edo pertsona arrotzik antzemanez gero Udaltzaingoari (092) edo Ertzaintzari (112) deitzeko. Ohartarazten da, halaber, etxera itzultzean atea behartuta edo irekita aurkituz gero, edo susmagarri gertatzen zaien edozer ikusiz gero ez dela komeni sartzea, ezta deus ukitzea ere, eta poliziari —kidego batekoa zein bestekoa— abisu eman beharra dagoela.