GASTEIZ. Koronabirusaren pandemiak Gasteizko jaiak bertan behera uztera behartu egin du. Aurten ez da suziriaren jaurtiketarik izango, baina jaiei hasiera eman ohi zaien Andre Maria Zuriaren plazan eta inguruetan 13 kontrol jarriko dituzte Udaltzaingoak eta Ertzaintzak asteartean arratsaldean, hilak 4.

Abuztuaren 4an, 16:30etik 19:00etara, sarbidea mugatuko da Prado kalean, Diputazio kalean, Errementari kalean, Zapatari kalean, Hedegile kalean, Mateo Moraza kalean, Eduardo Dato kalean, Posta kalean, Agirre Lehendakariaren kalean, Loma Jeneralaren kalean eta Aihotz plazan. San Migeleko balkoira ere ezingo da sartu, ezta Arkupeetatik ere. Andre Maria Zuriaren plaza eta Espainia plaza mugatzea lortuko da hartara.

"Pilaketak saihestea da helburu nagusia. Osasun publikoa da kontua. Andre Maria Zuriaren jaiak bertan behera uztera behartu gaitu koronabirusak. Erantzukizunez joka dezatela eskatzen diegu gasteiztar guztiei. Aurten ez", adierazi du Herritarren Segurtasuneko zinegotzi Marian Gutiérrezek.

Autobusek, taxiek, larrialdietako ibilgailuek eta garajeetan sartzeko edo irteteko baimena duten ibilgailuek bakarrik zirkulatu ahal izango dute mugatutako eremuan barrena, eta bertako bizilagunek sartu eta atera ahal izango dute oinez.

Ostalaritza-establezimenduetan daudenek nahi dutenean atera ahal izango dute bertatik, agenteen jarraibideei kasu eginez. Lokal publiko horiek ezingo dute mahairik jarri bide publikoan 16:30etik 19:00etara bitartean.

Mugatutako zonatik kanpo, prebentzio-dispositibo bat jarriko dute martxan Udaltzaingoak eta Ertzaintzak hilaren 4an Andre Maria Zuriaren plazaren inguruan eta hiriko beste hainbat tokitan, pilaketak eta kale-zurrutak saihesteko. Maskararen erabilera ere kontrolatuko da, koronabirusaren hedapena saihesteko. Hilaren 9ra arte mantenduko dute zaintza, aurten Andre Maria Zuriaren festak ospatuko ez badira ere.

BALKOIAN

Bestalde, abuztuaren 5ean, asteazkenez, San Migeleko balkoirako pasabidea kontrolatuko da 8:00etatik 15:00etara, Andre Maria Zuriaren irudiaren aurrean lore-eskaintza espontaneoa egin nahi duten ekimen partikular edo taldeek jendetzarik sor ez dezaten.

Gehienez 10 laguneko taldeetan egin beharko da bisita, Andre Maria Zuriaren plazatik igota, maskararekin, eta Aihotz plazatik atera beharko da, betiere Udaltzaingoaren jarraibideei kasu eginez. Talde gehiegi biltzen badira, gehienez 7 minutuko egonaldia egin ahal izango da balkoian.

Abuztuaren 9an —Zeledonen igoerarik ere ez da izango aurten—, beste dispositibo bat jarriko dute Udaltzaingoak eta Ertzaintzak, zona mugatzeko, 23:00etatik 01:30era bitartean, eta sarbidea mugatuko dute Andre Maria Zuriaren plazara.