GASTEIZ. Joan den astelehenean, uztailak 27, Euskal Herriko Unibertsitateko talde batek Gerra Zibilaren aztarnak ikertzen hasi zen Oketa mendiaren gailurrean. Bertan hiru zundaketa arkeologikoen indusketa egiten hasi ziren, "Gorbeia Txiki" bezala ezagutzen den mendian.

Oketan, 1936 eta 1937 artean, Euzkadiko Gudarostearen borrokalariek egindako hainbat eraikinen aztarnak kontserbatzen dira. Zig-zag formako lubakiak, tiro-postu aurreratuak, babeslekuak eta hainbat harrizko etxola dira mendiaren gailurrean dauden elementuak.

Josu Santamarina Otaola proiektuaren koordinatzaileak dio: "Oketa mendiaren gailurrean, 1.000 metro baino gehiagoko altueran, hamar etxola inguru kontserbatzen dira gaur egun. Eraikin hauek Oketako harearriz eginda daude, inguruan mende luzez preziatua izan den materialaz alegia. Iparrari begira daude eta, beraz, euskal gudari eta milizianoentzat babesleku traketsa izan beharko zuten 1936tik 1937rako neguan zehar".

Mendi hau, Zigoitiako iparraldean kokatua, Etxaguen herriaren gainean, hasiera batean 1936ko uztailaren 18an estatu kolpea eman zutenen posizio aurreratua izan zen. Militar altxatuak eta erreketeak izan ziren Oketa mendiaren okupatzaileak gerraren lehen uneetan. Hilabete horietan nahasmena nagusi zen, frontea oraindik lausoa zelarik eta errepresioa gori-gorian zegoelarik.

1936ko azaroaren azken egunean, Euzkadiko Gudarosteak erasoari ekin zion, "Legutioko Gudua" bezala ezaguna den episodioan. Erasoaren helburua Gasteiz hartzea zen, bertatik Miranda Ebroraino heltzeko. Hala ere, indar errepublikarrek ez zuten arrakasta handirik lortu eta milaka zauritu eta hildako izan ziren abenduan zehar. Hilabete horren amaieran, Euzkadiko Gudarosteak erasoari amaiera eman zion, garaipenik gabe, baina gutxienez Oketa berenganatzea lortu zutelarik.

Horrela, Euzkadiko milizianoak izan ziren Oketa defendatu eta gotortu zutenak 1936ko abendutik 1937ko apirilera arte. 5 hilabete horietan zehar, 1.000 metro baino gehiagoko altueran, CNT sindikatu anarkistaren batailoiek "Gorbeia Txiki" euren posizio indartsua bihurtu zuten, bertatik, Arabako Lautada osoa kontrolatzen zutelarik.

Epealdi honetan, zoritxarrez nahiko ezezaguna baina zeharo garrantzitsua izan zen pertsonaiaren bisita jaso zuten Oketako borrokalariek: Celicia Garcia de Guilarte gerra-kazetariarena, CNT del Norte egunkarikoa. Kazetari honek oso modu argian deskribatu zuen Arabako lehen frontearen bizimodu gogorra, noiz eta gainera negu betean, altuera garaiean eta laster emango zen erasoaldi frankista baten zain. Izan ere, hala izan zen: 1937ko martxoaren 31ean, Francok euskal frontea Arabatik hautsi egin zuen. Egun gutxien ostean, erreketeek eta tropa marokoarrek Oketa hartu zuten.

"Zunaketa hauen helburua bikoitza da: alde batetik, Oketan 1936an eta 1937an emandako borrokaldiak dokumentatzea, baina, bestetik, lehen lerroan eta altuera garaiean gerra-postu bateko eguneroko bizitza ezagutzea ere. Harrizko etxolen kontserbazioa oso ona da eta guztiek nolabaiteko herrixka milizianoa osatzen dute. Gerra-herritxo honetan, mendiaren gailurrean bertan, ehunka soldadu izan ziren negu osoan zehar. Hau zeharo berezia da: altuera honetan normalean ez dago gizakientzako bizitokirik eta are gutxiago neguan bizitzeko. Euskal Herrian zehar altura garaieko bizitokiak Neolitotik existitzen dira, artzainen etxolak kasu, baina hauek udarako postuak izaten dira. Inoiz ez negurako. Hau soilik hemen ikus daiteke: Gorbeiako Parke Naturalaren erdigunean", adierazi du proiektuaren koordinatzaileak.

Horrela, Oketakoa Euskal Herrian arkeologikoki ikertuko den gudu-zelai altuenetako bat izango da.

Arkeologiaren bidez ikertuko den beste gunea, hau abuztuaren lehen astean zehar, Burbona mendia izango da. Hau ere Gorbeiako Parke Naturalean, Sarriako Parketxe ezagunetik nahiko hurbil (Zuia).

Mendi hau, Oketa bezala, 1.000 metroko altuera du gutxi gorabehera, baina bere paisaia zeharo desberdina da: altuera garaieko larreak izan ordez, Burbonako lubaki errepublikarrak pagadi eder batean kokatzen dira. Zuhaitzen artean Euzkadiko Gudarostean posizio aurreratua antzematen da, perimetroa mugatzen duen lubaki-lerro luze batekin, hainbat tiro-postuekin eta kobazulo artifizala den babesleku antiaereo batekin.

Burbonan, (printzipioz) ez zen borrokaldirik eman Gerra Zibilean. Hemen garatuko zen zundaketaren helburua "metrailladore habia" -arma automatikoak erabiltzeko egitura babestua- delako bat dokumentatzea da. Egitura honen berezitasuna zera da: ez da zementuzkoa, Gerra Zibilean eraiki ziren gehienen antzera, baizik eta zurez eta lurrez egindakoa.

Zementuzko "bunkerrak" ezagunak dira Euskal Herrian zehar. Adibide ezagunak Bilboko Burdin Hesian topa daitezke, baina baita Araban ere, San Pedro/Askuren mendian (Amurrio-Urduña) edota Keturan (Zigoitia), hauek UPV/EHUren ikergune direlarik 2016tik.

"Burbonakoa baliteke Euskal Herrian kontserbatzen den zurezko eta lurrezko metrailladore habi bakarra izatea. Zementuzkoak direnak, logikoa denez, nahiko mantentzen dira gaur egunera arte. Baina, garaiko dokumentazioan irakur daitekeen moduan, mota honetako postu ugari ez ziren zementuz eraikitzen -askotan, baliabide edo denbora faltagatik- eta gure inguruan askoz eta eskuragarriagoak ziren materialez egiten ziren: egurra eta lurra. Hala ere, erreferentzia dokumentalak ugariak izan arren, material hauek hilkorrak izanik, mota honetako egiturak normalean galtzen ohi dira. Kasu honetan izan ezik, Burbonan", dio Josu Santamarinak.

Gauzak horrela, Euskal Herriko "bunker organiko eta ekologiko" bakarra topatu dugula esan daiteke.

Interbentzio hauek Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren finantzaketari esker garatuko dira, baita Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldearen (GPAC, UPV-EHU) baliabide teknikoei esker ere. Ikerketa talde honek, esaterako, Gasteizko Katedral Zaharraren berreskuratze lanak garatu izan ditu urte luzez. Ere berean, talde arkeologikoarekin batera, Zigoitiko Abadelaueta elkarte etnografikoaren lankidetza ezinbestekoa da.

Azkenik, eguneroko bizitzaren beste esparru guztiak bezala, uztailaren 27tik abuztuaren 10era garatuko diren indusketa arkeologiko hauek Covid-19aren pandemiaz baldintzatuta gauzatuko dira. Hasiera batean, eskala handiagoko proiektua aurreikusi egin zen, UPV-EHUko ikasle ugarien partaidetzarekin, baina, azkenik, proiektua eskala txikiagoan, talde mugatuago batekin eta osasun neurri zorrotzekin landu behar izango da. Dena den, momentuan momentuko osasun baldintzek hala ahalbidetuko balute, bisita gidatu txikiak egiteko aukera zabalduko da. Horrela, ikerketa talde honek Gasteizko Katedral Zaharrean hamarkada luzez izan duen leloa praktikatzen jarraitzea posible izango da: "Lanean eta irekita".