GASTEIZ. Gasteizko San Antonio kalea oinezkoentzako lehentasunezko gune bihurtzeko lanak hasi egin dira aste honetan, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Plana eta Orain Gasteiz Planaren bitartez.

Esku-hartzeak hasiera ematen die Mugikortasunaren eta Espazio Publiaren Sailak Mugikortasun Planean identifikatu dituen superetxadietan garatu nahi dituen lanei; San Antonioren ondoren, Judimendi auzoan jarraituko dute lanek.

Joan den maiatzean, udal gobernuak zenbait jarduera aurkeztu zituen espazio publikoarekin lotuta, Orain Gasteiz planaren barruan. Proposamenak hainbat esku-hartze jasotzen zituen: espaloiak handitzea, bizikleta-konexio berriak eta Mugikortasun Planean identifikatutako superetxadien % 30ean jardutea. Hirugarren alorrari dagokio San Antonioko esku-hartzea.

San Antonio kaleko diseinu berria —dagoeneko martxan dago— deigarria izango da, Veronica Werckmeister artistak diseinatutako eguzkilore batzuk marraztuko baitira Florida kalearekin eta Araba Jeneralarekin dituen bidegurutzeetan. Elementu horiek gune babestu batera sartzen dela sinbolizatuko dute, oinez ibiltzeko, jolasteko eta gozatzeko gune batera. Orobat, 90 zentimetroko altuerako seinaleak jarriko dira, landarearen marrazkiez, baita S28 seinalea ere, oinezkoentzako lehentasun-eremu bat dela adierazten duen testuarekin batera.

Diseinu berriaren ezaugarririk deigarrienetako bat da zebrabide 'asimetriko' moduko batek kale osoa zeharkatuko duela, hegoaldetik iparraldera, oinezkoentzako lehentasunezko espazioa dela gogorarazteko. Bide-marra horiek hainbat neurri izango dituzte, eta piktograma berriek indartuko dituzte, beste erabilera batzuk sustatzeko: haurrak jolasean, bizikletak€

Kalean barrena zeuden bizikleta-aparkalekuak utzi dira, zamalanetarako lekuak (8.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 18.00etara, gehienez 15 minutukoa hotelerako, eta 8.00etatik 11.00etara), eta oro hara erabiltzeko 15 minutuko aparkaleku azkarrak. San Antoniotik, beraz, zamalanetarako eta garajeetara joateko baino ez dira ibilgailuak sartuko. Eta abiadura txikian, inguruko gainerako erabiltzaileak errespetatuz. Zehazki, 10 kilometro orduko abiaduran.

Gainera, ostalaritza-establezimenduek mahaiak galtzadara ateratzeko aukera aurreikusi da. Aukera hori adierazteko, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak espazio espezifikoak marraztuko ditu (hostotzaren irudiarekin).

Bizikletak galtzadatik zirkulatu ahalko dira, baimendutako erabileretako bat izango baita. Hori bai, bidegorririk gabe, bide horren erabilera partekatua izango baita eta oinezkoen lehentasuna errespetatu beharko baitute.

OSASUNARI LOTUTAKO JARDUERAK

Gasteizko kaleetan autoen erabilera murrizteak (eta horien berotegi-efektuko gasen emisioak) zuzenean dakar osasun publiko hobea. Izan ere, korrelazio handia dago hiriko kutsadura atmosferikoaren eta Covid-19aren ondoriozko heriotzen ehunekoaren artean.

Era horretako jarduketen bidez, pertsonentzako espazio publikoa handitzen da; hiri-kutsadura murrizten da (atmosferikoa eta akustikoa); bizi-kalitatea eta bide-segurtasuna hobetzen dira; pertsona guztiek beren ongizatea asetzeko behar dituzten leku, ondasun eta zerbitzuetarako sarbidea bermatzen da; gizarte-kohesio handiagoa bultzatzen da, eta ekonomia jasangarriagoa sustatzen.