GASTEIZ. Joan den ostegunean, hilak 23, Gasteizko Udalak eta Vital fundazioak 'Aurten ez' izeneko kanpaina abiarazi zuten. Kanpaina honen helburua 2020ko Andre Maria Zuriaren jaiak ospatuko ez diren arren jendea erantzukizunaz joka dezan eskatzea da.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, Vital Fundazioaren lehendakari Jon Urrestik, Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok eta Vital Fundazioaren zuzendari Arantxa Ibañez de Opacuak kanpainaren irudia aurkeztu zuten, zeinak herritar guztiek bere egiten dituzten elementuak baliatzen baititu, estilo soilean, eta mezu zuzena eta argia transmititzeko beharra kontuan hartuta. Horretarako, motibo nagusi gisa, Zeledonen betiko euritakoa erabili zen, tolestuta eta gordeta, ospatu ezin diren jaien irudirik adierazgarriena delakoan.

Zeledonek berak parte hartzen du kanpainaren bideoan, Neska Txikirekin, Andre Maria Zuriaren Kofradia ordezkatzen duen bikote batekin eta Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa ordezkatzen duen beste bikote batekin batera. Osasun-sistemako profesional-bikote batek ere hartu du parte, Osakidetzaren laguntzarekin. Guztiek Zeledonen aterkia itxi eta gorde egiten dute, jaiak bertan behera utzi izanaren aurrean erantzukizunezko jarrera sinbolizatzen duen keinua.

Gorka Urtaranek gogora ekarri zuen zein zirkunstantziatan iragarri zuten EAEko hiru hiriburuetako alkateek jaiak ez ospatzeko erabakia. "Ordutik hilabete eta erdi igaro da, eta errealitateak erakutsi digu erabaki zaila zela, baina beharrezkoa", adierazi zuen alkateak, azkenaldian Covid-19agatiko kutsatzeen kopurua hazi delarik hartu behan izan diren neurrien harira.

Alkatearen hitzetan, guztion lana da osasun egoerak kontrolpean jarrai dezan lortzea. Ardura kolektiboa eskatu du, kanpainaren mezu nagusia indartuz: "Aurten ez da egoki Andre Maria Zuriaren plazan elkartzea Zeledoni harrera egiteko. Txupinazoaren ondoren, ez da egoki kaleak jendez betetzea, egun horretan izan ohi duten giro bikaina emanez. Ez da egoki farolen prozesioa bezalako tradizio sakonak betetzea, 125. urteurrenean egiterik ez izatea oso mingarria bada ere. Ez da egoki berbenetan elkartzea, edo su artifizialak ikusteko, edo inguruko hirien artean zabalenetakoa izan ohi den jai-egitarauko ekitaldi bakoitza jarraitzeko. Beste modu batean gozatzeko unea da, 2021ean Zeledon berriro zerutik jaitsi eta Andre Maria Zuriaren festarik onenak ospa ditzagun", azpimarratu zuen Gorka Urtaranek.

Vital fundazioen lehendakari Jon Urrestik, berriz, hau adierazi zuen: "nahiago genukeen kanpaina hau aurkeztu behar ez izan, baina erantzukizunagatik, segurtasunagatik eta guztiekiko elkartasunagatik, egin beharra dugu. Vital Fundaziotik ziur gaude gure egitekoa gizarteari zerbitzatzea dela, baliagarriak izatea. Horregatik, hasiera-hasieratik neurri multzo bat ezarri genuen sektore guztietan, pandemiak gure lurraldean ekarritako ondorioak arintzeko. Eta orain, nola ez, gure hiriko udalarekin indarrak batu ditugu osasun agintariek adierazitako gomendio guztiak jarraitzearen garrantziaz sentsibilizatzeko".

Estíbaliz Cantok zehaztu zuen moduan, kontzientziazio-kanpaina komunikabideetan islatuko da, prentsa idatzian eta irratian iragarkiak jarriz eta hedabide digitaletan publizitatea txertatuz. Ekimena sare sozialen bidez ere zabalduko da. Orobat, www.esteañonotoca.eus webgunea sortu da, kanpainarako sortu diren edukiak barne hartzen dituena, baita egoerari dagozkion osasun-gomendio nagusiak ere.

Hiri-altzariek —berrogeita hamar euskarri baino gehiago hirian barrena— Tuvisako autobusek —lau ibilgailu errotulatu dira— eta Andre Maria Zuriaren eta Urrezko Zeledonen plazetan jarritako bi informazio-panelek kanpaina kalean erakutsiko dute.

"Datorren urtean, 2021ean, Andre Maria Zuriaren jaiak handiki ospatuko ditugu. Baina aurten ez da egoki. Horregatik, herritarrei eskatzen diegu bete ditzatela kanpainan emandako jarraibideak eta osasun-agintariek helarazten dizkigutenak. Saihestu ditzagun jende-pilaketak. Pandemiaren erasoa jasan dutenengatik, pandemiari aurre egin diotenengatik, pandemiaren ondorio ekonomikoak pairatzen ari direnengatik, maite ditugunengatik, gugatik. Aurten ez", amaitu zuen Hezkuntza eta Kultura zinegotziak.