BILBO. 16.430 pertsonak eman dute izena Euskal Herriko Unibertsitatean hurrengo ikasturterako, hau da, iaz baino ia mila pertsona gehiago. Uztailaren 27an, astelehena, hasiko da 2020-2021 ikasturterako ikasle berrien matrikulazio-epea.

8.448 PLAZEN ESKAINTZA

Euskal Herriko Unibertsitateko fakultate eta eskoletan guztira 8.448 plaza eskainiko dira datorren ikasturtean. Plaza horiei gehitu behar zaizkie UPV/EHUri atxikitako hiru ikastegietako (Bilboko Merkataritza Ganberako Unibertsitate Eskola; Gasteizko Erizaintza Eskola; IMHko Ingeniaritza Dualaren Unibertsitate Eskola), hiru graduenak (guztira, 230 plaza).

Gradu kopuruari dagokionez, UPV/EHUk 2020-2021 ikasturtean 103 gradu eskainiko ditu, tartean berrikuntza hauek: osorik ingelesez den gradu bikoitz bat, Business + Economics; beste hiru gradu bikoitz (Kazetaritza + Publizitate eta Harreman Publikoak, Ikusentzunezko Komunikazioa + Kazetaritza, eta Politika Zientzia eta Kudeaketa Publikoa + Soziologia) eta Adimen Artifizialeko gradu berria Informatika Fakultatean. Euskal unibertsitate publikoaren eskaintza berri horrek harrera bikaina izan du sartuko diren ikasleen artean, izan ere, bost titulazio berri hauek gutxieneko notarik altuena dutenen artean daude. "Datuok erakusten duten moduan, UPV/EHUren eskaintza berriak gizartearen eskaerari erantzuten dio. Halaber nabarmentzekoa da gradu bikoitzen harrera ona, zeren eta unibertsitateak eskaintzen dituen hamabietatik zortzi gutxieneko notarik altuena dutenen artean daude", nabarmendu du Graduko eta Graduondoko Ikasketen errektoreorde Araceli Garinek.

Bestalde, graduko hamabost titulazioetan unibertsitatea-enpresa prestakuntza duala egiteko aukera egongo da. UPV/EHU aitzindaria da modalitate horretan, zeinen bidez ikasleak aukera baitauka graduko ikasketen zati bat enpresa edo erakunde sozial batean egiteko, eta, beraz, arlo praktikoak garrantzia handia baitauka. Halaber, hogeita hamar baino gehiago dira nazioarteko titulazio bikoitzak. Prestakuntza programa horiek ikasleei aukera ematen diete graduko bi titulu eskuratzeko, bata UPV/EHUn eta bestea atzerriko unibertsitatean.

MATRIKULA PROZEDURA

Uztailean Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren ohiko deialdian gainditu zuten Batxilergoko ikasleak matrikulatzen dira, hala nola Goi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleak, 25 eta 45 urtetik gorakoak eta lan esperientzia dutenak eta titulatuak. Uztailaren 27tik 30era luzatuko den lehenengo matrikularako epe honetaz gain, bigarren deialdian (abuztuak 1) deitutakoak abuztuaren 5ean matrikulatuko dira, eta hirugarrenean (abuztuak 5) deitutakoak, abuztuaren 6an. Bi deialdi horietan aurreko ordenazioan libre geratu diren plazak esleitzen dira. Geroago, irailean beste hiru deialdi egongo dira.

Osasun egoera dela eta, matrikula egiteko hitzordua daukaten guztiei gogorarazi behar zaie maskara eta beren boligrafoa eraman behar dutela, pertsonen arteko distantzia une oro gorde behar dutela, eta gaixotasun sintomaren bat badute, ez dutela joan behar baizik eta beren ordez beste pertsona bat bidali dokumentazio guztiarekin.