- Urtero lez, Emakundek, Aldundiek eta Eudelek Eraso sexistarik gabeko uda kanpaina jarri dute martxan, Beldur Barik programaren barruan. Azken urteetan egitasmoaren helburu nagusia jaietako eraso sexistak prebenitzea izan den horretan, aurtengoan, covid-19aren pandemiak eragindako egoera bereziaren ondorioz, kanpainak uda izango du oinarri jaien ordez. “Kanpaina bultzatzen dugun erakundeek eraso sexisten aurrean jarrera aktiboa eskatzen dugu, eta kanpaina gazteei espezifikoki zuzenduta badago ere, hiritar guztiei deia egiten diegu euren inplikazio eta jarrera aktiboarekin eraso sexistek lekurik ez duten uda batez gozatzeko aukera izan dezagun”, zehaztu du Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak.

Eraso sexistek aspalditik kezka handiak eragin dituzte herritar zein erakundeengan, batez ere tokiko eremuko erakundeen kasuan, herritarrengandik beste inor baino gertuago daudelako. Hori dela eta, Beldur Barik programaren bidez hainbat material eskaintzen zaizkie Euskal Autonomia Erkidegoko udalei, herritarrak gai horrekin lotura estua duten kontuetan sentikortu eta inplikatu daitezen, berdintasunean eta autonomian oinarritutako aktibitateak bultzatuz. Materialen artean, kartel bat eta eraso sexistak prebeni-tzeko gida bat daude. Kartelari dagokionez, gizarte guztiaren esku dago Emakunderen webgunean, hots, nahi duenak deskargatu dezake. Halaber, kuña bat erabiliko da EITBko irratietan.

“Indarkeriaren kontrako irudi bateratu bat bilatzeaz gain, material hauekin lortu nahi da herrietan lan-prozesu ezberdinak sor-tzen joatea, gazteekin, aisialdi-giroetan eman daitekeen biolen-tzia sexuala antzemateko, prebenitzeko eta hari aurre egiteko banakako zein taldeko erantzunak garatzeko”, azaldu du Landaidak.

Zentzu horretan, kanpainaren bultzatzaileek jarrera aktiboa eskatu dute emakumeak errespetatzen ez dituzten hitzezko adierazpenen zein adierazpen fisikoen aurka, “errespetuan, berdintasunean eta autonomian oinarritutako jarrera” baten alde eginez.

Aspaldiko partez Beldur Barik programa Berdinsarearen barruan sortu zen duela 11 urte, 2009an. Sare hori berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka lan egiten duten udalek osatzen duten aldetik, gaur egun, Emakundek antolatzen du, Eudelen eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako laguntzarekin batera. Gainera, Hezkuntza Sailak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta EITBk ere parte hartzen dute proiektu honetan.

Bere helburua argia da: indarkeria sexista prebenitzeko gazteei zuzendutako programa da, gazteekin batera hausnarketa eta eztabaida prozesuak sustatzeko helburuarekin, modu horretan, jendarte eraldaketan laguntzea errazago izan dadin.

Gauzak horrela, Beldur Barik programan ekintza asko egiten dira. Esaterako, azpimarratzekoa da 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendutako ikus-entzunezkoen lehiaketa. Bertan, parte-hartzaileek desberdintasun egoeren aurrean eta indarkeria sexistako kasuen aurrean emango luketen erantzuna islatu behar dute, multimedia lanen bidez. Iazko edizioan 298 lan aurkeztu ziren lehiaketara, eta 2.200 gazte baino gehiago aritu ziren sorkuntza lanetan. Lan irabazleetan jorratu ziren gai nagusiak hurrengoak izan ziren: nesken hilekoaren ikusgarritasuna, neska eta emakumeen salerosketa, mundu more baten eraikuntza, ahizpatasuna eta kontzientzia pizteko ideiak.

Era berean, urtero Beldur Barik Topaketa egiten da. Bertan, aurreko lehiaketako saridunak ezagutarazteaz gainera, indarkeria sexistaren aurkako borrokan lan egiten duten ekimen, talde eta pertsonak espazio bat parteka-tzeko aukera dute. Beraz, gazteek indarkeria sexistari aurre egiteko eta indarkeria gainditzeko balia-tzen dituzten diskurtso zein jardunbideak balioesteko gunea izan ohi da. Alde batetik, kale-ekintzak antolatzen dira, hala nola, komiki-mundiala, flash-mob edota puntu lilaren argazkia. Bestetik, eztabaida eta gogoeta prozesuak indartzeko baliabideak sortzen dira: ikus-entzunezkoetan oinarritutako unitate didaktikoak, BB abestia edota eraso sexistei aurre egiteko gida, besteak beste.

Uda oinarri. Azken urteetan egitasmoaren helburu nagusia jaietako eraso sexistak prebenitzea izan den horretan, aurtengoan, covid-19aren pandemiak eragindako egoera bereziaren ondorioz, kanpainak uda izango du oinarri jaien ordez. “Hiritar guztiei deia egiten diegu euren inplikazio eta jarrera aktiboarekin eraso sexistek lekurik ez duten uda batez gozatzeko aukera izan dezagun”, zehaztu du Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak.