BILBO. Peruko Unibertsitate Autonomoak Honoris Causa Doktore izendatu du Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Penaleko katedraduna den José Luis de la Cuesta. Inbestidura ekitaldia uztailaren 1ean egin zen, baina koronabirusak eragindako egoerak birtualki egitera behartu zuen. De la Cuesta Kriminologiaren Euskal Institutuaren zuzendari da baita ere.

Tamainako aitortza eskertzeko egindako hitzaldian, José Luis de la Cuestak, lehenik, Perurekin dituen familia loturak azaldu zituen osaba-aitona gogora ekarriz, Timoteo Ibarluzea, pasa den mendeko 30eko hamarkadan Peruko Bizente Paul behartsuen aitaren probintziaren sortzaileetako bat izan zena. Bestalde, bere ikasketa eta ikerketa prestakuntzan eta prestakuntza pertsonalean bereziki lagundu dioten «maisuak» aipatu zituen, besteak beste, Antonio Beristain Kriminologiaren Euskal Institutuko sortzailea, Reynald Ottenhof irakaslea edo Friburgoko Max Planck Institutuko zuzendari Hans-Heinrich Jescheck, Zigor Zuzenbideko Nazioarteko Elkarteko buru zena José Luis de la Cuesta irakaslea lehenengoz Alemaniara heldu zenean, 80ko hamarkadaren hasieran.

Oroitzapen hunkigarri horren ondoren, honoris causa irakasle doktoreak hitzaldi bat eman zuen, Espainiako Zigor Zuzenbidean pertsona juridikoek duten zigor erantzukizunari buruzkoa.

José Luis de la Cuesta Zigor Zuzenbideko Nazioarteko Elkarteko ohorezko presidentea da, Jakiundeko kide hautetsia eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko adiskide numerarioa. Nazioarteko eta Atzerriko Zigor Zuzenbideko Max Planck Institutuko (Friburgo, Alemania)[A1] Nazioarteko Batzorde Zientifiko Aholku emaileko kidea (Freiburg, Alemania) eta Instituto Superiore Internazionale di Scienze Criminali (Sirakusa, Italia) erakundeko Administrazio Kontseiluko kidea. Gainera, Kriminologiaren Nazioarteko Sozietateko Zuzendaritza Kontseiluko kide ere bada. Eta Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluko presidentea da. Sari eta aitorpen ugari jaso ditu; hauek dira nabarmentzekoak: Gizarte Zientziak eta Humanitateak modalitateko Ikerketaren Euskadi Saria (2009), eta Iasiko Unibertsitateak (Errumania, 2011) emandako beste honoris causa doktore izendapen bat. Zigor zuzenbidea eta kriminologia dira UPV/EHUko irakasle honen ikerketa ildoak. Bi liburu indibidualen eta 6 liburu kolektiboren egile da, liburu kolektiboetan 112 ekarpen egin ditu eta aldizkarietarako 93 artikulu idatzi ditu (nagusiki espainieraz, baina euskaraz, frantsesez, ingelesez, alemanez eta txineraz ere bai). Halaber, gaztelaniaz eta euskaraz argitaratutako 6 ikaslibururen egile da eta beste 39 lan kolektiboren koeditore.