3,9 milioi euro bideratuko ditu Gasteizek Txagorritxuko hodiak berritzeko
GASTEIZ. Udalaren AMVISA ur-enpresak ia 16 kilometro hodi eta kolektore aldatuko ditu laster Gasteizko Txagorritxu auzoan, non hornidura eta saneamendu sareak berrituko diren. Udalak 3,9 milioi euroko aurrekontua bideratuko du bi urtetik gora iraungo duten lanak egiteko.
Proiektuan kale hauetako sareak ordeztea aurreikusi da: Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea, Argentina, Ekuador, Jose Atxotegi, San Viator eta Don Bela Kondea.
Edateko uraren sareari dagokionez, 7,6 kilometro hodi berrituko dira, fibrozementuzkoen ordez burdinurtuzkoak jarrita. Sareko 0,9 km berritzeko polietilenozko hodiak jarriko dira barrutik.
Saneamenduari dagokionez, 6,8 km berrituko dira barruko estalki batez, eta 0,5 km-tan PVCzko kolektore berriak jarriko dira.
Nabarmendu beharra dago obraren erdian ia ez dela zangarik irekiko, ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioan ahalik eta eragin txikiena izan dezan.
FIBROZEMENTU GUTXIAGO
Txagorritxuko sareak berritzeko lanez gain, iaz beste batzuk egin ziren Lakua Arriaga auzoan eta hiriko zenbait kaletan (San Ignazio Loiolakoaren kalea, Eskalmendi, Bergarako atea, Gaztelako atea, etab.), baita hegoaldean ere, tranbia luzatzeko lanak baliatu baitziren hodiak berritzeko.
Kasu horietan ere fibrozementuzko kondukzioak ordeztu ziren eta, beraz, "une honetan Gasteizko hornikuntza sarearen % 14 besterik ez da material horretaz egindakoa. Izan ere, AMVISAn 2025erako fibrozementuzko hodiak desagertzeko helburua dugu, hausturak eta isuriak eragotziko baitira horrela, eta hornikuntza sarearen errendimendu handiagoa izango baita”, azaldu du udalaren ur-enpresaren lehendakari Marian Gutiérrezek.
Aurten ere Bake kaleko hodiak aldatu dira, Olagibel eta Errioxa kaleen artean, eta BEAk eragindako kaleetan horniketa eta saneamendu sarea berritzen jarraituko da.
Orobat, Ramon y Cajal, Louis Heintz eta Adriano VI.aren kaleak zeharkatzen dituen kolektore berria instalatzeko lanak amaituko dira; iaz hasi ziren lan horiek, eta une honetan Lovaina plazari baino ez diote eragiten.
Gaur egun, Gasteizko hornikuntza sarea 738 kilometro luze da; saneamendu sarea, berriz, 1.002 kilometro.
OBRAK GAMARRAN
Bestetik, AMVISAk tramitazioa hasi du Gamarrako industrialdean saneamendua berritzeko lanak kontratatzeko, Larragana kalearen eta Gamarrako atearen inguruetan. Proiektua gauzatzeko 1.108.706 euroko inbertsioa beharko da.
Temas
Más en Sociedad
-
Esta es la razón por la que los bots no pueden marcar la casilla 'No soy un robot'
-
Entra en vigor la prohibición de inscribir directamente a los bebés nacidos por gestación subrogada
-
El arzobispo de Burgos declarará el 7 de mayo por una denuncia de las exmonjas de Belorado
-
“Eventos como el apagón pueden provocar situaciones de pánico o ansiedad altamente contagiosas”