Maria Intxaustegi Molinaurpeko arkeologo eta ontzi-historialari donostiarrakPandemiaren ondorioz mugak itxi zituztenean, Europa Belaontziz eta eskalarik gabe, 81 egun eta 10.000 milia ondoren iritsi zen tripulazioa Atlantikoaren beste aldera, Scheveningeneko portura

Otsailean izan zuten koronabirusaren berri 12 nazionalitatetako 19 nabegatzaileek. "Gure lehentasunak bestelakoak ziren erabat: haizeak, iragarpen meteorologikoak eta nabigazioa", gogoratzen du Intxaustegik. Izan ere, ez ziren askorik jabetzen itsasontzitik kanpo gertatzen ari zenaz. "Martxoaren 17an lehertu zen guztia. Suaren Lurraldean berrogeialdia deklaratu zuten eta gu Ushuaian porturatuta geunden: ezin genuen hankarik ipini ontzitik kanpora", azaltzen du. Janari eta erregai adina zutenez, patxadaz balioetsi zituzten aukerak. Negu australa gainean izanik eta Pazifikoko uharteetako portuak itxita zituztelarik, bueltatzea erabaki zuten.

"Atlantikoa hegoaldetik iparraldera zeharkatu genuen, latitudeak jaitsiz eta arropa-geruzak kenduz, tropikoetara iristen ari ginen heinean; eta, hortik, berriro ere latitutudez latitude iparralderantz, Europara, etxera", deskribatzen du bere doktorego tesia amaitzen ari den arkeologoak. Bidaia ez zen batere erraza izan. Ekaitzak ditu gogoan, adibidez: "Luze irauten duten behe-presioek akidura psikologiko izugarria eragiten dute, eta badakizu etsaiaren mende zaudela erabat". Lo hartzea ere amesgaizto bihurtzen da egoera horretan. "Estoikoki aguantatu behar da, guardiaz guardia. Arropa guztiak blai eginda, eta guztiok kiratsa dariola", azaltzen du.

Barealdia ere ez da desiragarria belaontzi batentzat. "Maiatzaren 28an, antizikloiaren epizentroan, kapitainak motorrak pizteko eta belak biltzeko agindua eman zuen", kontatzen du Antxustegik. Guztira 7.500 milia baino gehiago nabigatu zituzten, ia latitude guztiak zeharkatuta. "Nolabaiteko tristuraz bildu bagenituen ere bela koadratuak, gabietan gordetzen ari ginela ondotxo genekien erabaki zuzena hartu zuela", adierazten du.

Koronabirusaren aztarnarik ez, baina beste birus bat agertu zen bergantinean. Intxaustegiren esanetan, "gastroenteritisak jota geratu ziren tripulatzaile pare bat, eta jendea gogotik astindu zuen". Erdia baino gehiago onik egon arren, faktura pasa zieten egun haiek guztiek, egoera orokorrak eta, batez ere, etengabeko lan gogorrak. Bitartean, lehorrean zer gerta-tzen ari zen koronaegunkarian irakurtzen zuten, konpainiak astero-astero bidaltzen zieten 15 eta 20 orrialde inguruko lapurpena. "Tripulazioko kideen herrialdeetan arreta berezia ipintzen zen", esplikatzen du urpeko arkeologoak.

Egunak aurrera joan eta iparralderantz nabigatu ahala, gero eta merkataritza-ontzi gehiago ikusten hasi ziren. "Eta zibilizaziora zenbat eta gehiago gerturatu zaborra ere bai", zehazten du. "Bidoi bat itsasoan galduta, arrantza-sare bat flotatzen, forma zehaztugabeko plastiko txikiak... Guk itsasora isurtzen dugun zaborra heriotza da, besterik ez. Zenbat itsas dortokak ez ote dute jan plastikozko poltsa bat karabela bat irensten ari zirelakoan!", kontatzen du Intxaustegik bere aktibismo ekologikoa azaleratuz.

Ontziko liburuaren arabera, ekainaren 16an lurreratu ziren. "Itsasoratzea ondo dago, baina baita porturatzea ere", gogoratzen du arkeologo donostiarrak. "Ikusgarria izan zen. Motorrez gindoazen, belak ondo bildurik eta guztia prest genuen porturatzeko. Hagako eraikin handiak ikusi genituen, eta, halako batean, itsasontziak hasi ziren gerturatzen. Guregana zetozen, eskuak astinduz. Eta alboetan jarri zitzaizkigun, babesa eskainiz badian sartzen ari ginela", oroitzen du. Portura sartu zirenean, lurreko tripulazioa eta tripulazioko kideen senitartekoak zituzten zain kaian, ongietorria emateko kartelekin.

María Intxaustegi Molina. Urpeko arkeologo eta ontzi-historialaria da, eta doktorego-tesia amaitzen ari da UPV/EHUn, Erdi Aroaren, Aro Berriaren eta Amerikaren Historia Sailean.

Itsasoratzea. Doktorego-tesiarekin ari zela, Bark Europa-ren konpainia berekin harremanetan jarri zen, proposamen batekin: askatasun guztia eman zioten nabigazio historikoari eta arakatze-bidaiei buruz dakien guztia transmititzeko, eta, halaber, haien gabizain-tripulazioko kide izateko.

81

Egun iraun du 10.000 miliako itsasaldiak Ushuaiatik etxera itzultzeko. Pandemiaren ondorioz mugak ixtean 'Europa' bergantinean harrapatu zuen Maria Intxaustegi, Antartikarako bidaia baten espedizio gidari bezala. Lehorreratzerik izan ez zutenez, abentura handi bati ekitea erabaki zuten: Holandara belaontziz eta eskalarik gabe itzultzea, Atlantikoa zeharkatuz, urte askoan egin ez zen bezala.

Negu australa gainean izanik eta Pazifikoko uharteetako portuak itxita zituztelarik, etxera bueltatzea erabaki zuten

Bidaia ez zen batere erraza izan: "Luze irauten duten behe-presioek akidura psikologiko eragiten dute", gogoratzen du Intxaustegik