EGO Euskal Herrian urtero Chernobil inguruko ukrainar eta bilorrusiar gazteak hartzen dituzten programak uda honetan bertan behera geratu dira covid-19ak sortutako egoera dela eta. Ukrainako eta Bielorrusiako gobernuek atzerrira joatea galarazi diete adingabeei.

Hainbat dira urtero programa hauen boluntario diren familiak. Esate baterako, Mamen Díaz plentziarrak Acobi elkartearen bitartez hartzen ditu urtero Bielorrusiako bi gazte: Liza eta Naia, hamasei eta hamabost urtekoak, hurrenez hurren. Bi gazteak atzo heltzekoak ziren Bilbora, eta azken hilabeteetako egoera oso zaila izan bada ere, Díazek ez du esperantza galdu azken momentura arte: “Otsailean Bielorrusiako enbaxadak adierazi zuen programa bertan behera geratuko zela, hala ere, egoera hobetuko zelaren esperatza izan dugu momentu oro, baina azkenean bideraezina izan da”. Horiek horrela, Diazek, programa honetan parte hartzen duten familia guztiak bezala, Gabonetan programak normaltasunera bueltatzeko esperantza dauka.

Ustekabe honek ez du familien arteko kontaktua galarazi: “Acobi elkarteko familia guztiek afektibitate-lotura oso handia sortu dugu umeekin, eta urtean zehar etengabe gabiltza kontaktuan”, azpimarratu du Díazek.

Oso langileak, jatorrak eta miresgarriak izatea ez ezik, Díazek Liza eta Naia izan duten egokitzapen gaitasuna nabarmentzen du: “Arazorik gabe egokitu dira plentziara eta euren euskal familiara. Gainera, urte hauetan gaztelera primeran ikasi dute, eta euskaraz ere zenbait gauza esateko gai dira”.

Ildo beretik, Nerea Urbietak, Chernobil elkarteko ordezkariak, pasa den astean elkarteak argitaratutako ohar batean azaldu zuen Ukrainako egoera “beti gogorra bada ere”, covid-19ak are gehiago larritu dituela baldintzak: “Gazteek hiru hilabete daramate eskolarik gabe, eta askok, jantoki zerbitzua bertan behera egonda, ez daukate ezta elikatzeko ahalmen edo baliabiderik”.

Orotara, 189 gazte etorri ziren iaz Chernobil elkartearekin, eta haien esanetan, uda honetan 140 gazteek igaroko zuten uda euren euskal familiekin. Elkartetik adierazi dute besarkadak faltan izango dituztela; horiek horrela, azpimarratu dute ilusioa ez dutela galduko: “Elikagaiak eta behar dituzten gauza guztiak bidaliko dizkiegu”. Era berean, hurrengo urtera begira lan egiteko prest daudela jakinarazi dute.

BEHARREZKOA DEN EKINTZA

Gizateriaren historiak bizi izan duen hondamendi nuklear larriena Chernobilek pairatu zuen 1986. urtean. Momentu hartatik aitzina istripuak arrasto nabariak utzi ditu, gaur egun ere susmatu daitezkenak; gune erradiaktibo hauetan bizitzea oso arriskutsua da oraindik. OMEren (Osasunaren Mundu Erakundea) arabera, gutxienez 45 egun kutsaketarik gabeko guneetan bizitzeak, minbiziak eta beste gaixotasunak izateko arriskua txikiagotzen du. Halaber, BELRAD Segurtasun Erradiologiko Institutuko datuek adierazten dutenez, gazteek soilik uda batean gune ez kutsatuetan bizi ezkero euren organismoan daukaten radionukleido maila %30 eta %40 artean jaitsi daiteke.

Ildo horretatik, Diazek OMEak esandakoa berretsi du: “Nire alaben kasuan osasun hobekuntza sekulakoa izan da. Hasieran energia falta zeukaten, eta adibidez Liza oso argal etorri zen lehen urtean, txiki-txikia zen, eta bai ahoan bai ikusmenean arazo nabariak zituen, baina gaur egun oso osasuntsu dago”. Liza eta Naia Bielorrusiako Moguilev probintzian bizi dira, Chernobiletik 70 km-ra dauden landa-eremu oso pobreetan. Beraz, istripu nuklearrak utzitako ondoriak gogorki sufritzen dituzte.

Familien esfortsuari dagokionez, Díazek esperientzia oso “aberasgarritzat” jotzen du: “Ez du hainbeste kostatzen, eta euren bizitza eralda-tzea lortu dugu. Daukaten itxura fisiko hobea, barrutiko hobekuntzaren isla da”. Horren aritik, edonorri gomendatzen dio Díazek boluntario egitea: “Nahiz eta soilik udan etorri, etxean beste bi alaba gehiago ditugu; esperientzia paregabe eta partekatua da”.

Acobik boluntario izan nahi duten familiak bilatu ez ezik, Díazek seinalatu du, hori posiblea ez bada, elkarteari laguntzeko beste moduak badaudela: “Acobi guztiz altruista da, beraz, edonork laguntzeko asmoa badauka, donazioak oso lagungarriak izan daitezke, gazteen bidaiak ordaintzeko, adibidez”. Hau da Acobiri laguntzeko banku kontua: ES42 2095 0062 1091 0203 4512 (Kutxabank). Era berean, informazioa jaso-tzeko edota zalantzak argitzeko telefono zenbakia 635 15 59 61 da.

Diazek tamaldu duenez, azken urteotan familia kopurua gutxiagotu egin da: “Interesatuta dauden pertsona guztiak bultzatzen ditut Acobin sortu dugun familia handi-tzeko, ume askoren etorkizuna hoberantz aldatzeko ahalmena daukagu, eta gainera ume zoragarriak dira”.