DONOSTIA. Koronabirusak gizartean errotuta dauden hainbat ohitura bertan behera uztera behartu du aurten. Esate baterako, San Joan gauean ohikoa den sutea. Hala ere, Donostiako Udalak ekitaldi berezi bat antolatu du egun horretarako, eta jende asko bildu ezin izango denez, zozketa egingo da bertan egon nahi dutenen artean.

Kultura zinegotzi Jon Insaustik azpimarratu du, "Victoria Eugenia antzokiaren 0 Galak hiriko antzokietan aurrez aurreko kultura jardueren antolakuntza ikusteko balio izan bazuen, udari ongietorria egiteko errituak balio izango du hurrengo hilabeteetan bide publikoan antolatuko diren ekitaldien antolakuntza nolakoa izango den ikusteko".

Konstituzio plazan izango da ekainaren 23an, San Joan bezperan, eta ekitaldi sinboliko bat izango da. Ekitaldia 22:00tan hasiko da eta ETBk zein Donostia - San Sebastian Festak-eko YouTube kanalak zuzenean eskainiko dute. Bertan, parte hartuko dute Donostiako Orfeoiak, Txistularien Udal bandak, Udal korporazioak eta Goizaldi, Arkaitz, Eskola, Gero Axular, Kresala eta Trebeska dantza taldeetako bikote banak.

EZ OHIKO KONSTITUZIO PLAZA

Zuzeneko ikusle kopurua murriztu behar da, izan ere gehienezkoaren % 60 erabil daiteke, betiere, pertsonen arteko 2 metroko tartea bermatuz. Hori dela eta 120 pertsonek aurrez aurre eserita ikusi ahal izango dute. Horregatik, ekitaldia aurrez aurre jarraitu nahi dutenek izena eman ahal izango dute Donostia Kulturaren webgunean. 60 gonbidapen bikoitz zozketatuko baitira, ekainaren 18an. Izen emateko azken epea ekainaren 17a izango da.

Ekitaldiaren behar logistikoak direla-eta, Konstituzio plazako sarbidea mugatu beharko da ekainaren 23ko 20:30etik 23:30era. Tarte horretan plazara bakarrik sartuko dira izango dira, plazan bertan bizi diren bizilagunak zein gonbidapena lortu duten pertsonak.