BILBO. Koronabirusak eragindako egoera dela eta, Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren (USE) azterketak berrantolatu behar izan dira, segurtasun-neurriak bete ahal izateko. Gauzak horrela, Euskal Herriko Unibertsitateko instalazioetan egingo dira. Ohiko deialdia uztailaren 6, 7 eta 8an egingo da, eta ezohikoa, aldiz, uztailaren 20, 21 eta 22an.

Ezohiko egoera hau dela eta, UPV/EHUk eta Eusko Jaurlaritzak handitu egin dute azterketak egiteko lekuen kopurua, ahalik eta osasun baldintza onenetan egin daitezen. Hori horrela, UPV/EHUren hiru campusetako ohiko azterketa lekuei, gehitu egin zaizkie BEC erakustazoka, Bizkaian, eta zenbait ikastetxe: hala nola Eibarko Armeria Eskola eta BHI, Gipuzkoan, eta BHI Ekialdea, Arabako campus inguruan.

Probaren ordutegi berriak ez ezik, probaren garapenerako protokolo bat prestatzen ari da. Protokolo horrek higiene, osasun eta antolakuntza neurriak jasoko ditu eta ikastetxeei helaraziko zaie. Osasun neurrien artean, nabarmentzekoa da ikasle bakoitzak bere maskara eta azterketa egiteko materiala eraman beharko dituela (bolaluma, erregelak, kalkulagailua€), eta une oro mantendu beharko du ezarritako gutxieneko segurtasun distantzia. Pertsona guztiek eskuak garbituko dituzte ikasgelara sartu aurretik, uraz eta xaboiaz edo sarreran ipiniko diren ontzietako gel edo soluzio hidroalkoholikoaz. Betiere dagokion epaimahaiaren presidente edota idazkariak emandako jarraibideak jarraitu behar izango dira.

USE AZTERKETAK BERREGITURATZEA

Bestetik, Covid-19aren pandemiak sortu duen ezohiko egoera dela eta, UPV/EHUk eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak erabaki dute USE gaien azterketak berregituratzea.

Hala, ikasturte hasieran ezarri ziren ereduak, orientabideak eta ebaluazio eta zuzenketa irizpideak mantentzen badira ere, berregituratu egin dira azterketak. Bi helbururekin: alde batetik, proba malgutzea; bestetik, ikasleen aukera berdintasuna bermatzea. Funtsean, berregituraketa datza azterketa bakoitzaren hautazkotasuna handitzean, aukera emanez nahasteko, modu ordenatuan eta galdera bakoitzaren puntuazioaren arabera, azterketa bakoitzaren A eta B aukeretako galderak. Jakina, horrek esan nahi du egokitzapen desberdinak egin behar direla gai bakoitzaren zehaztapenean, azken horren izaeraren arabera.

Araceli Garin Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearen iritziz, "egundoko ahalegina egin dugu 2020ko Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa antolatzeko, alor akademikoan eta batez ere antolakuntza arloan. Bi printzipio eztabaidaezin bateratu behar genituen: alde batetik, horren azterketa garrantzitsua izanik, pandemiak ez zuen oztopo izan behar egutegi akademikoaren garapen normalerako; bestetik, bermatu egin behar zen proban parte hartuko duten pertsona guztien segurtasuna. Ahal den guztia egin dugu azterketaren objektibotasuna bermatzeko. Malgutu egin da edukia eta lehentasun nagusitzat hartu da osasun alertak eskatzen duen segurtasuna. Uste dugu bi helburuok bete ditugula eta, kontuan izanik bizi dugun erabateko salbuespen egoera, ahalik eta baldintzarik onenetan egingo dela USE 2020 proba?.