DONOSTIA. Donostiako Udalak urtero antolatzen dituen 'Oporretan euskaraz' aurtengo udalekuetan parte hartzeko plazak agortzen ari dira. Koronabirusak eragindako egoera izan arren, jendeak erantzun ona izan du.

Udaleko Euskara Zerbitzuak esperientzia zabala dauka udaleku hauen antolakuntzan, 25 urtetik gora hain zuzen ere. Haurrek ongi pasatzeaz gain, Euskararen normalizazioan eragiteko tresna baliagarria dira udalekuak, euskara lantzeko eta erabiltzeko helburua ondo betetzen dutelako. Gainera, Donostiak eskaintzen dituen jolas eta aisiarako aukerak baliatzen dituzte.

Covid 19 pandemia dela eta, udalekuak ere egoera berrira egokitu behar izan dira. Horregatik, Udaleko Euskara Zerbitzuak baldintza batzuk aldatzea ekarri du, eta horien artean dira besteak beste: tenperatura hartzea, eskuak garbitzea, distantzia soziala mantentzea eta neurri berrira egokitutako jokoak eta jarduerak antolatzea.

Aurtengo ezohiko egoera ikusita, Donostiako Udalak ahalegin berezia egin du Oporretan Euskaraz udalekuak antolatzeko. Euskara sustatzeaz gain, familien kontziliazioan laguntzea izan da helburua.

LEHEN HEZKUNTZAKO IKASLEAK, GOIZEZ (7-12 URTE)

2020ko uztailaren 1etik 30era antolatuko diren udaleku irekietan 2008tik 2013ra bitartean jaiotako haur donostiarrei zuzendua izango da (bi urteak barne). Taldeak 8-9 haurrez osatuko dira gehienez. Guztira ia 600 haurrek parte hartuko dute, eta hurrengo baldintzekin banatuko dira: hizkuntza eredua, jaiotze urtea eta jasotze puntua.

Udalekuak orokorrean eskola eremuan antolatuko dira, nahiz eta baimenduta egonez gero irteerak antolatuko dira segurtasun neurriak hartuta. Hiriko zenbait auzotako 8 eskoletan antolatuko dira aurtengo udalekuak eta lau orduko iraupena izango dute: 09:00/09:30etik 13:00/13:30era. Sarrera mailakatua izango da atarietan pilaketak saiheste aldera.

KUOTA EZBERDINAK FAMILIA MOTAREN ARABERA

Hilabete osorako kuota arrunta 164,06 eurokoa den arren, salbuespen batzuk izango dira:

  • Familia ugariek edota guraso bakarrekoek % 75a ordainduko dute, 123,04 €
  • Familia ugari bereziek kuotaren %50a, 82,03 €
  • Gizarte-laguntza jasotzen duten familiek kuotaren % 10a, 16,40 €.