DONOSTIA. Koronabirusak eragindako krisialdi ekonomikoak utzi dituen kalte ekonomikoak arintzeko, Donostiako Udalak hiriko merkataritzari laguntzeko kanpaina abiarazi du, 'Donostian behar zaitut' lelopean.

Kanpaina honen eskutik sortu da Donostia Market Plaza, etorkizun bokazioa duen plataforma, eta, estreinaldi gisa, erosketa bonuen sistema bat prestatu du, bai eta produktuak edo zerbitzuak etxera ekartzea eskaintzen duten establezimenduen direktorio bat ere.

EROSKETA BONUAK

Programa honetan, 28.960 erosketa bonu jarriko dira merkatuetan erabiltzeko. Bonu horiek online erosiko dituzte herritarrek, eta, ondoren, Donostiako denda, artisau industria, ostalaritza, turismo eta zerbitzu pertsonaleko establezimenduetan aldatu ahal izango dituzte, betiere saltokiok Donostia Market Plaza plataformari atxiki bazaizkio. Denda bakoitzak 80 bonu saldu ditzake gehienez eta, beraz, guztiak saltzea lortuko balute, 1.600 € ko diru-sarrerak lortuko lituzkete. Orain arte, hiriko 362 establezimenduk egin dute bat ekimen honekin, eta beste ehun etxez etxeko zerbitzuan. Izen ematea doakoa izan da.

Bonuak www.donostiamarketplaza.eus webgunean maiatzaren 27tik 2020ko abuztuaren 31ra bitartean erosi ahal izango dira; dena dela, epe hori amaitu eta oraindik ere bonurik bada, bukatu arte izango da erosteko aukera; kasu horretan, plataforman iragarriko da. Bonuak 2021eko martxoaren 14ra arte aldatu ahal izango dira.

ETXEZ-ETXEKO ZERBITZUA

Donostia Market Plaza plataforman, hiriko 100 enpresa txiki baino gehiago biltzen dituen direktorio bat ere agertzen da. Hain zuzen ere, beren produktuak edo zerbitzuak etxera ekartzen dituzten enpresak dira hor jasotzen direnak.

Webgunean, izena beren borondatez eta doan eman duten establezimenduen zerrenda bat aurkituko du bezeroak, bai eta horietako bakoitzarekin harremanetan jartzeko moduari buruzko informazioa ere. Establezimenduak berak ezarriko ditu ordaintzeko era eta baldintzak, bai eta eskaera entregatzeko sistema ere.

Donostiako Sustapenak 4 € arteko hobaria emango die programari atxikitako enpresei, Donostiako udal mugartean produktuak eta zerbitzuak etxez etxe banatzeko garraioaren kostu soziala ordaintzeko. Gehienez 50 garraio kupoi eskuratu ahal izango ditu enpresa bakoitzak.

OHITURAK ALDATU

Eneko Goia alkateak adierazi zuenez, "ezinbestekoa da, guztiz, erakundeak eta herritarrak jabetzea une kritikoa dela hau gure denda eta saltokientzat". Hori dela eta, azpimarratu du beharrezkoa dela "erosteko hartzen ditugun erabakiei garrantzia ematea; izan ere, gure ohiturak aldatuz, saltoki txikiei lagundu diezaiekegu, ez bakarrik egoera honi aurre egin diezaien, baizik eta hemendik indartuta atera daitezen eta gure kale eta auzoei bizia ematen jarraitu dezaten; izan ere, sektore horrek, aberastasuna eta enplegua ere sortzen ditu".

Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Enrique Ramosek adierazi duenez, "une hauetan, gutxi da tokiko merkataritzari, Donostiako bizi guztiko merkataritzari, eman diezaiokegun babesa. Gaizki pasatu dute, eta orain dugu aukera Donostian nahi ditugula esateko. Merkataritza horrek pertsona askori ematen die lana, 8.800 bat pertsonari gutxi gorabehera, eta, pandemiaren ondorioei ez ezik, aurre egin behar diete erosteko modu berriei ere, askotan, negozio txiki asko ixtera behartzen baititu horrek. Merkataritza bitamina da hirientzat, Donostiako BPGaren % 8,5 da, eta online erosteko plataforma honek denboran iraungo duen zerbait izan nahi du, koiunturazkoa ez den zerbait. Badakigu lehentasuna beti izango dela arreta aurrez aurre ematea lokalean, dendan edo tabernan, baina aukera bat ere bada Interneten egoteko edo, jadanik Interneten egonez gero, haien presentzia indartzeko, ezinbestekoa izan baita hori hilabete hauetan".