TOLOSA. Tolosak herriko 2021eko egutegia osatuko duten argazkiak aukeratzeko prozesua ireki du dagoeneko. Lehenengo pausua argazki lehiaketa izango da, non herritarrak uztailaren 12ra arte euren irudiak bidali ahal izango dituzte. Aurtengo gaia ura izango da eta, beraz, partehartzaileek Tolosako ibaien eta erreken argazkiak bidali behar izango dituzte Udalaren web orrialdeko Tolosanklisk atalera.

Aurten, lehiaketa tolosarrei zuzenduta egongo da, eta Tolosan erroldatutako edonork parte hartu ahalko du. Ohi bezala, herritarrek argazkirik gustukoenak bozkatzeko aukera izango dute. Argazkigintzarekin, arte munduarekin edo komunikazio arloarekin lotura duen epaimahai batek 40 argazki aukeratuko ditu aurkeztutako guztien artean, eta horietatik herritarren bozka gehien jasotakoa izango da egutegiko azaleko argazki nagusia. Bozketa udalaren webgunean egin ahalko da irailaren 7tik 20 bitartean, eta irabazlearen izena irailaren 25ean jakinaraziko da. Hilabete bakoitzerako argazkiak epaimahaiak aukeratuko ditu, hau da, guztira 12. Bozka ematen dutenen artean 'tablet' bat zozkatuko da. Argazki irabazlearen egileak 600 euroko saria jasoko du, eta gainontzeko 12 finalistek 200 euro bakoitzak.

Parte-hartzaileek galdetegi bat bete beharko dute proposamenak aurkezterakoan, eta bertan, helbide elektronikoa, izen-abizenak, sexua, nortasun agiria, telefono zenbakia, argazkiaren titulua eta argazkia non egin den zehaztu beharko dute. Galdetegi horretan berariaz jasoko da parte-hartzaileak baimena ematen diola Tolosako Udalari erroldatze-datuak kontsultatzeko.