BILBO. Adingabeak ezezagunekin harremanetan jartzea da gurasoek duten kezkarik handiena. Hori ondorioztatu du Nazioarteko EU Kids OnLine behatokiak egindako eta estatuko familiek Interneten erabileraren gainean dituzten ohiturak, gaitasunak, ezagutzak eta kezkak aztertu dituen ikerketa batek.

«Las familias en la convergencia mediática: competencias, mediación, oportunidades y riesgos» ikerketaren arabera, guraso espainiarrek euren haurren gainean dituzten kezka nagusiak hauek dira: ezezagun bat haurrekin harremanetan jartzea (% 79), eskola errendimendua (% 78), beste adingabe batzuek tratu desatsegina ematea (% 77), Interneten eduki desegokiak ikustea (% 71), osasuna (% 70) eta informazio pertsonala partekatzea sarean (% 68).

Izuak izu, datuen arabera, mehatxu horien aurreko egiazko arrisku pertzepzioa oso txikia da. Hala, % 10ek (9-12 urtekoetan) eta % 21ek (13-17 urtekoetan) bakarrik uste dute ezezagun bat euren haurrarekin harremanetan jarriko denik egiatan; beste hainbeste gertatzen da online bullyinga gauzatzeko edo nozitzeko arriskuaren gainean, kasu. Pertzepzioa «errealismo gutxikoa» da ikertzaile taldearen iritzian, izan ere, «ezezagunak dira edo gutxietsi egiten dira txikienen disgustu edo ondoez egoerak, eta, era berean, handietsi egiten dira helduak gertaera desatseginak direla kausa egiatan deseroso edo kaltetuta sentitzen diren aldiak».

Ingurune digitaletik kanpo, 13 eta 17 urte arteko nerabeen gainean kezkatuago daude guraso espainiarrak 9 eta 12 urte arteko haurren gainean baino. Batik bat, nerabeek alkohola edo droga kontsumituko duten kezkatuta daude (% 62), eta sexu jarduerekin ere bai (% 53).

Seme-alabek Internet erabiltzeak sortzen dizkien zalantzei aurre egiteko laguntza eskatzeari dagokionez, gurasoen erreferente nagusia eskola da; gero datoz familiak eta lagunak. Gurasoek, oro har, administrazioaren eta industriaren esku hartzea handiagoa izateko eskatzen dute, seme-alabei Internet erabiltzen irakasteko.

GURASO KONTROL ETA IKUSKAPENEKO ESTRATEGIAK

Gurasoek euren adingabeen gainean duten kontrolari dagokionez, ikerlanean, estrategia gaitzaileak, Interneti zer-nola aurre egin azaltzekoak, eta murriztaileak, berariazko debekuenak, bereizten dituzte.

Lehenengoetan, ikerketak gurasoen kezka hauek nabarmentzen ditu: seme-alabei webgune jakin batzuen egokitasuna azaltzea (% 63), Interneten egiten dutenaz hitz egitea (% 60), sarea erabiltzeko era seguruak aipatzea (% 57), sareko zerbaitek enbarazu egiten dienean laguntzea (% 52) edo merkataritza jardueren gainean azalpenak ematea (% 51). Hala ere, gutxi dira seme-alabak Internetera konektatzen direnean haien alboan daudela diotenak (% 39).

Murriztaileen kasuan, kezka nagusiak hauek dira: adingabeen pribatutasuna, zer-nola debekatu ordenagailuaren edo mugikorraren kamera erabiltzea, bideoak, argazkiak, etab. online partekatzea (% 30 eta 33 artean), deskargatzen dituzten aplikazioak (% 35), edukien kontrola (% 33), web edukiak blokeatu edo iragazteko guraso kontroleko programak erabiltzea (% 35) eta jardueren jarraipena egitea (% 29).

Txostenak, halaber, «familia digitaletan» seme-alabekin sortzen diren liskar ohikoenak barne hartzen ditu. Hiru dira kausa nagusiak; konektatuta igarotako denbora (% 58), etxeko lanak egitea (% 48) eta oheratzeko ordua (% 45).

SHARENTINGA VERSUS ADINGABEEN PRIBATUTASUNA BABESTEA

Seme-alaben argazkiak, bideoak edo mezuak sare sozialetan partekatzeko ohitura (sharentinga) ez dago oso zabalduta familia espainiarretan: gurasoen % 3k besterik ez dute aitortzen seme-alaben eduki digitalak partekatzen dituztela; % 9k gutxienez astean behin partekatzen dute halakorik; eta gehienek (% 89k), hilean behin edo gutxiago. Ia guztiek (% 95ek) diotenez, horren arrazoia familiakoekin eta lagunekin harremanetan egotea da. Hala ere, oso gutxi dira kontuzko neurriak hartzen dituztenak edo bidaltzeko baimena eskatzen dutenak: % 14k diote ez dutela semearen edo alabaren aurpegia argi ikusten uzten argazkietan, eta % 24k baimena eskatu dutela diote, seme-alabei buruzko eduki digitalak argitaratzeko garaian. Alabaina, gurasoen % 8k ez dute ondo hartu seme-alabei buruzko informazioren bat online argitaratzea.

Ikerketa Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko EU Kids Online Spain ikerketa taldeak egin du, SIC-Spain Europako proiektuak finantzatuta, eta INCIBEren (Espainiako Zibersegurtasuneko Institutua) laguntza instituzionala izan du, enpresen, herritarren eta adingabeen zibersegurtasuneko erakunde erreferentea den aldetik, adingabeen Interneteko Segurtasunaren Espainiako Zentroaren bitartez (IS4K).