GASTEIZ. Gasteizko Udalak tokiko ekonomia suspertzeko helburua duen plana abiarazteko 2,7 milioi euro bideratuko ditu. Ekimen honekin koronabirusaren krisiaren aurrean egoera larriak bizi behar izan dituzten tokiko merkatari, ostalari eta enpresei laguntza eskaini nahi die udalak. "Ahora Vitoria. Orain Gasteiz" planaren barruan dagoen dokumentu estrategiko hori gaur goizean aurkeztu du alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak, Merkataritza zinegotzi Igor Salazarrekin batera.

Ekonomia Sustapenaren Sailak bere aurrekontua birformulatu du Ekonomia Suspertzeko Plan hau egituratzeko. Dokumentua bost ardatz nagusitan banatzen da:

  • Segurtasun-materiala erosteko COVID-19 aparteko laguntzak (750.000 euro).
  • Tokiko saltoki txikien eta ostalaritzaren defentsa (445.000 euro).
  • Tokiko enpresa-sarea indartzea (1.012.300 euro).
  • Enpleguari eusteko laguntza (450.000 euro).
  • Gasteizko turismo-sustapena (40.000 euro).

"Koronabirusak kaltetutako tokiko sektoreei entzun diegu, eta sailaren aurrekontua birformulatu dugu, Gasteizko sare ekonomikoaren behar berriei erantzuteko. Suspertze plan honen bidez, beste erakunde batzuen laguntzak osatu eta pandemiak gehien kaltetutako kolektiboen ekonomia arinduko duen segurtasun sare bat zabaldu nahi dugu", azaldu du Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak.

Alkateordeak, halaber, tokiko establezimenduetan kontsumitzeko deia egin die herritarrei, "ehunka familia haietatik bizi baitira". Zinegotziak azpimarratu duenez, "orain inoiz baino gehiago, hiriaren eta bertako denden, negozio txikien eta tabernen arteko lotura mantentzeko beharraz jabetu behar gara, gertuko tratuagatik eta profesionaltasunagatik nabarmentzen diren tokiak baitira".