- Bizkaiko Foru Aldundia Bizikletaren Aldeko Hirien Sarean (RCxB) eta BiciRegistro bizikleten erregistro sisteman sartzea onartu da. Sare hau Estatuko hiriek eta lurraldeek osatzen dute, eta dinamika bateratua sortzeko asmoa dauka.

Oro har, hurrengoak dira erakundearen helburu nagusiak: bizikletaren sustapena areagotzea eta bizikletaren potentziala hedatzea; bizikleta erabiltzeko azpiegiturak areagotzea; bizikletak ibilgailu isil, garbi, eskuragarri eta jasangarri gisa duen potentziala defendatzea iritzi publikoaren aurrean, edo bizikletaren erabilera sustatzea, joan-etorri laburretan autoaren eta motorraren ordezko mugikortasun-tresna gisa. Aipatutako jomuga horiek, Miguel Angel Gomez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Saileko diputatuaren arabera, "bat datoz eguneroko jardueretan bizikletaren erabilera Bizkaian areagotzeko egiten ari garen lanekin". Jarduera horien artean, lanera edo ikastetxeetara bizikletaz joatea, eta lurraldeko gainerako garrai publikoekiko intermodalitatea sustatzea daude. "Badirudi bizi dugun garai honetan, covid-19ak sortutako egoeraren ondorioz, bizikletaren erabilerak protagonismo handiagoa hartu duela, garraio publikoari eta jendearengandik urruntzeko eta elkarren arteko distantziak zaintzeko ezarritako murrizketak direla eta", azpimarratu du Gomez Viarrek.

Ildo horretatik, Nacho Tomas Bizikletaren Aldeko Hirien Sareko idazkari teknikoak, Bizkaiko Foru Aldundiari ongietorria emateaz gainera, hiri eta lurraldeetan bizikletaren mugikortasunak duen garrantzia azpimarratu du: "Are garrantzitsuagoa da une honetan, beste arrazoi askoren artean, covid-19aren ondoriozko hilkortasunaren eta kutsadura atmosferikoaren artean zuzeneko lotura dagoela frogatu baita". Hori bai, Gomez Viarrek ez du ahaztu etorkizun batean ziur aski gauzak "normalizatuko" direla berriz ere: "Inork ez du zalantzan jartzen garraio publikoak dagokion lekua hartuko duela berriro. Dena den, une egokia da bizikletak eskaintzen duen potentziala ezagu-tzeko".