TOLOSA. Herriko pertsonak koronabirusak eragindako kalte ekonomikoen aurrean babesteko #SuspertuTolosa izeneko plana aurkeztu zuen atzo Tolosako Udalak. Planak 32 neurri ditu guztira. Guztira 1,3 milioi euro bideratuko dira herriko pertsonei laguntza ematera.

Olatz Peon Ormazabal alkateak nabarmendu du, orain arte udalak herritarren segurtasun eta ongizatea lehenetsi dituela eta dagoeneko diru ekarpen garrantzitsua egin duela udalak egoerari aurre egiteko. "Gizarte Zerbitzuetako gastuek gora egin dute eta larrialdietarako zerbitzuak areagotu egin dira behar bereziak dituzten herritarren beharrei erantzuteko" azaldu du. Paraleloki, herritarren segurtasuna eta osasuna bermatzeko ere hainbat zerbitzu indartu direla ere esan du, esaterako kale garbiketarena. "Udal sail guztiak, egoera berrira egokituta, etxetik buru belarri aritu dira lanean herritarrei modu telematikoan zerbitzua ematen jarraitzeko eta online eskaintza zabala jartzeko herritarren eskura" gaineratu du alkateak. Udalak egoerara egokitzeko izan duen azkartasuna ere azpimarratu du alkateak, eta langileek egindako lan eta ahalegina eskertu ditu.

Osasun larrialdiak eragin zuzena izan du, bai esparru pribatuan zein publikoan. Udalek aurrekontua urteko diru-sarrera eta gastuen aurreikuspena eginez garatzen dute eta Foru Funtsaren %20-25eko murrizketak, testuinguru berri batean kokatu ditu udalak. Hala Olatz Peon Ormazabal alkateak azaldu du: "Foru Funtsa da udalen finantzazio bide nagusienetarikoa eta diru bilketak ere behera egingo du, aurrekontua berregin behar izan dugu, egoera berrira eta behar eta lehentasun berrietara egokitzeko". "Ariketa konplexu bezain garrantzitsua da egin behar izan duguna, dagokigun erantzukizunetik udal baliabideak modurik eraginkorrenean kudeatzeko, aurtengo urteari zein datorrenari begira, betiere pertsonak erdigunean kokatuz, eta egoerak gehien kaltetu dituen kolektibo eta sektoreengan azpimarra jarriz".

Alkatearen hitzetan: "Ziurgabetasuna eta ezjakintasuna nagusi dira une honetan, oraindik ez dakigu egoerak zer nolako ondorioak ekarriko dituen, horregatik arduraz eta zuhurtziaz jokatzea ezinbestekoa da; hortaz, aurreikuspen bat egin dugu aurtengo urteari, baina baita datorrenari begira, etorkizunean sortu litezkeen behar berriei ere erantzuna emateko gaitasuna izan dezagun".

Plana garatzeko, lehen diagnosia egin da, batetik Gizarte Zerbitzuen sailarekin, tolosarren egungo beharrak atzemateko eta Hiri Ekonomia mahaia ere osatu da eragile ekonomikoen eskutik beren errealitatea ezagutzeko.

"Momentu honetan erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa da herritarrei erantzunik egokiena eta integralena emateko, horregatik, gure eskumen eremutik, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako eta jarriko dituzten laguntza lerroak osatuko ditugu, herritar guztiengana iristeko, inor atzean ez uzteko" adierazi du alkateak.

Gauzak horrela, 1,3 milioi euro baino gehiagoko diru funtsa sortu du udalak epe motz eta ertainera begira herritarren beharrei erantzuteko, baina aldi berean, behar berriak sortuko balira horiei erantzuteko konpromisoa ere hartu du udal gobernuak.